Txapelduna, kalera

Roger Federerrek galdu egin du Robin Soderlingen aurka Roland Garroseko final-laurdenetan

Erredakzioa
Donostia
2010eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Robin Soderlingek ezustea eman zuen atzo Roland Garrosen, Roger Federerri final-laurdenetan irabazita: 3-6, 6-3, 7-5 eta 6-4. Garaipena eta hiru helburu batean: bat, lehen aldiz suitzarra mendean hartzea; bi, bigarren aldiz jarraian Roland Garroseko finalerdietara iristea; eta hiru, iaz Parisko finalaren ordainekoa ematea.

Soderlingen garaipena ustekabekoa izan da, are gehiago atzoko partida nola hasi zen kontuan hartuta. Izan ere, lehen setean Federer izan zen jaun eta jabe. Eroso aritu zen iazko txapelduna, eta ATPko lehen zerrendaburua. Suediarrak, aldiz, gorabeheratsu jokatu zuen, aurkariari nola min egin asmatu ezinik. Bazirudien amore emango zuela.

Baina usteak ustel. Ez zen horrelakorik gertatu. Aitzitik, Soderlingek gora egin zuen. Euriak ere mesede egin zion, gainera, Federerren erritmoa eteteaz gain, pista gogortu baitzuen. Eta egoera horretan ezin hobeto moldatu zen suediarra, pilota gogor joz. Horrela irabazi zituen hurrengo hiru setak. Soderlingek Tomas Berdychen aurka jokatuko du finalerako postu baten bila. Txekiarrak nagusitasunez irabazi zion atzo Mikhail Jouznhi errusiarrari (6-3, 6-1 eta 6-2). Federer, aldiz, etxera itzul daiteke. Atzoko porrota, gainera, garesti atera dakioke, Nadalek ATPko lehen postua ken diezaiokeelako Parisen titulua lortuz gero.

Gaur jokatuko dira final-laurdenetako azkeneko bi partidak. Batean, Rafa Nadal balearra eta Nicolas Almagro espainiarra ariko dira elkarren aurka, eta bestean, Jurgen Melzer austriarra eta Novak Djokovic serbiarra. Nadal eta Djokovic dira finalerdietarako sailkatzeko faboritoak.

Dementieva eta Schiavone

Emakumezkoetan ere atzo geratu zen erabakita bi finalerdietako bat. Elena Dementievak eta Francesca Schiavonek jokatuko dute elkarren aurka. Errusiarrak eta italiarrak Nadia Petrova herrikidea eta Caroline Wozniacki danimarkarra kanporatu zituzten. Dementievak hiru set behar izan zituen irabazteko. Lehen setean Petrova izan zen nagusi (2-6), baina hurrengo bietan Dementieva izan zen nahierara aritu zena: 6-2 eta 6-0. Schiavonek, berriz, ez zion aukerarik eman Wozniackiri, eta aise gainditu zuen: 6-2 eta 6-3.

Beste finalerdia gaur geratuko da zehaztuta. Serena Williams estatubatuarra eta Samantha Stosur australiarra ariko dira batetik, eta Jelena Jankovic serbiarra eta Jaroslava Shvedova kazhastandarra bestetik. Serena Williams eta Jankovic dira faborito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.