Liga hasiera nahiko kaskarra egin ondoren, San Antonio Spurs NBAko txapelduna sasoi betean da. Greg Popovichek zuzentzen duen taldeak azken hamaika partidak irabazi ditu, eta Mendebaldeko Konferentziako lidergoaren bila joateko prest dago jada. Los Angeles Clippers izan da azken biktima: 111-90. San Antonioko hirukotearen lana izan zen berriro partidako onena: Duncanek 22 puntu, hamar errebote eta hiru txapel lortu zituen; Parkerrek 19 puntu eta 14 asistentzia; eta Ginobilik 16 puntu, bost asistentzia eta hiru lapurreta.
San Antoniok irabazi eta Los Angeles Lakersek galdu. Phil Jacksonen taldeak ezusteko porrota jaso zuen Golden State Warriors talde eskasaren kontra. Golden Stateko Cliff Robinson izan zen partidako saskiratzaile nagusia, 24 punturekin. Robinsonek lankide bikainak izan zituen ondoan: Speedy Claxtonek 19 puntu egin zituen eta Eric Dampierrek 17 puntu eta 11 errebote. Los Angelesko taldean, berriz, Kobe Bryantek bakarrik eman zuen maila: 23 puntu. Eguneko beste partidetan, Cleveland Cavaliersek New Orleans Hornetsen aurka lortutako garaipen bikaina aipa daiteke: 97-86.
SASKIBALOIA. NBA
Txapeldunen boladak ez du etenik
San Antoniok hamaikagarren partida irabazi du jarraian, Clippersi azkena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu