Txapeldunen elkargune

Gaur hasiko da Espainiako Vuelta, luxuzko parte hartzearekin. Roglic, Vingegaard eta Evenepoel dira hautagai nagusiak. Ibilbidea oso menditsua da, eta bi etapa jokatuko dituzte Euskal Herrian

Txapeldunen elkargune.
enaut agirrebengoa
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arreta gutxien pizten duen itzuli handia izaten da Espainiako Vuelta. Ez du Italiako Giroak eta Frantziako Tourrak bezainbesteko tradiziorik, eta, lehiatzen azkena denez, txirrindularitzaren zaleek ez dute hainbesteko ikusminik izaten. Aurtengo Vuelta, ordea, ez du inork galdu nahi. Izan ere, txirrindularirik onenetako asko ariko dira maillot gorria irabazteko borrokan. Faboritoen izenari erreparatuta, Tourraren mailako lasterketa izango da. Tadej Pogacar (UAE) ez da ariko; bai, ordea, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaard (Jumbo Visma), eta Remco Evenepoel (Soudal). Haiek dira faborito nagusiak, baina ez bakarrak: Geraint Thomas (Ineos), Juan Ayuso eta Joao Almeida (UAE), Enric Mas (Movistar) eta Aleksandr Vlasov (Bora) ere aintzat hartu beharrekoak dira.

Urte berean hiru itzuli handiak irabazteko erronka du Jumbo Vismak. Giroan Roglicekin gailendu zen, eta Tourrean Vingegaardekin. Badaezpada, Vueltara biak eramango ditu. Oso lider sendoak dira, eta hasieran, bederen, agintea partekatu egingo dute. Baliteke Roglic koska bat gorago egotea, Vueltara freskoago iritsiko baita: apenas lehiatu den Giroa bukatu zenetik. Gainera, Vuelta esloveniarraren jokaleku kutuna da, hiru aldiz nagusitu baita: 2019an, 2020an eta 2021ean. Bigarren zela erretiratu zen iaz, erori egin zelako, eta arantza atera, eta laugarren garaipena lortzen saiatuko da. Lortuko balu, berdindu egingo luke Roberto Herasen marka. Halaber, oso gutxiren esku dago Giroa eta Vuelta urte berean irabaztea; Alberto Contador izan zen azkena, 2008an.



Aurten, baina, ez dago ezinezkorik Roglicentzat, irabazi egin baititu jokatu dituen itzuli guztiak: Giroa, Tirreno-Adriatikoa, Kataluniako Volta, eta berriki, Burgosko Itzulia. Vingegaardek, berriz, Tourrean eta Vueltan garaipenak kateatu nahi ditu, eta hala, azkenekoz Chris Froomek egindako balentria egin: hark 2017an irabazi zituen maillot horia eta gorria. Danimarkarraren denboraldia ere ez da badaezpadakoa izan orain arte. Garaipenak ihes egin zion Paris-Nizan, baina aise nagusitu zen O Camiñon, Euskal Herriko Itzulian, Dauphinen, eta bigarren garaipena lortu zuen Tourrean. Geroztik ez da lehiatu, baina, Vueltara badoa, irabazteko izango da. Harentzat ere proba berezia da, han egin baitzuen itzuli handietako debuta, 2020an. Lan handia egin zuen Roglicek irabaz zezan.

Evenepoelen eta Vueltaren artekoa ere bat-bateko maitemina izan zen. Flandriarra iaz lehiatu zen aurrenekoz, eta garaipena eskuratu. Aurten, Giroa zuen begiz joa, baina lasterketa utzi, eta soinean zeraman maglia arrosari uko egin behar izan zion, koronabirusak jota. Hala, Vueltan iazko garaipena berritzea bihurtu zen Soudal taldeko liderraren helburua. Bidean bi garaipen handi lortu ditu: bata Donostiako Klasikoan, eta bestea Munduko Txapelketako erlojupekoan. Sasoiaren hastapenean, berriz, Arabiar Emirerrietako Itzulia eta Lieja-Bastogne-Lieja zakuratu zituen. Aurtengo ibilbidea, akaso, menditsuegia da harentzat, baina duen talentuarekin, edozein tokitan lehia daiteke.

Thomasek ere klase handia du, baita eskarmentua ere. Giroan, bukaeran ihes egin zion garaipenak, eta Vueltan, podiuma izango du jomugan. 37 urte ditu jada, baina 2019ko Tourreko irabazleak goiari eusten dio itzuli handietan. Bigarrenez parte hartuko du Vueltan. Ayusorentzat ere bigarren aldia izango da, eta iaz bezala, aurten ere podiumera igo nahiko luke: iaz, hirugarren izan zen. Arazo fisikoek trabarik jartzen ez badiote, onenen pare aritu daiteke aldapan gora. Masek ere badu gaia, baita emaitzen bermea ere: hirutan zan da bigarren Vueltan. Tourra hasi berritan utzi behar izan zuen, eta bizikletan berriro gozatzen saiatuko da. Baliteke Almeidak eta Vlasovek urrunago izatea podiuma, baina lehen bosten lehian sartzeko hautagai dira.

Igotzaileen neurrira egina

Zazpi euskal txirrindulari agertuko dira gaur Bartzelonan, irteeran: Mikel Landa (Bahrain), Jon Barrenetxea (Caja Rural), Jonathan Castroviejo, Omar Fraile (Ineos), Oier Lazkano, Imanol Erbiti (Movistar) eta Ander Okamika (Burgos). Bi etapa jokatuko dira Euskal Herrian: 14.ean, Zuberoatik Nafarroara joko du tropelak, eta Larra-Belaguan egongo da helmuga; eta biharamunean, berriz, Iruñea eta Lekunberri artean jardungo dute. Txirrindulariak mendiz mendi ariko dira hasieratik, eta Tourmaletek eta Angliruk xarma berezia emango diote lasterketari. Hamar etapak izango dute bukaera mendate batean; erlojupekoak, berriz, bi izango dira: gaur, 14,6 kilometro egingo dituzte, taldeka, eta lehen atseden egunaren ostean, 25 kilometroko bakarkakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.