ATLETICO MADRIL 3-1 ATHLETIC

Athletici izugarri zaildu zaio Txapeldunen Liga

Athleticek merezita galdu du Atletico Madrilen zelaian, eta asko okertu zaio Txapeldunen Ligarako sailkapena. Bigarren zatian ez da lehiakor aritu Valverderen taldea.

Angel Correa, bigarren gola ospatzen. Unai Simon ageri da, burumakur. MARISCAL / EFE
Angel Correa, bigarren gola ospatzen. Unai Simon ageri da, burumakur. MARISCAL / EFE
jon eskudero
2024ko apirilaren 27a
23:21
Entzun

Uretatik atera ezinda dabil oraindik ere Athletic. Lau hamarkadaren ondoren titulu bat irabazi eta gabarra atera ondoren, gozo ibili ziren jokalari zuri-gorriak Bilboko uretan, baina geroztik bururik altxatu ezinda dabiltza. Bi berdinketa zeramatzan orain arte, Vila-realen eta Granadaren kontra, hurrenez hurren, eta gaur galdu egin dute, Atletico Madrilen zelaian (3-1).

Txapeldunen Ligako helburuaren bila, partida erabakigarria izan du Ernesto Valverderen taldeak, eta kale egin du. Ongi lehiatu da lehen zatian, eta, Nico Williamsen golari esker, bana erretiratu da atsedenaldira, baina bigarren zatian pikutara bidali du ordura arteko lana. Sendotasunik gabe ibili dira jokalariak, eta erasoan ere ez dute aparteko mehatxurik egin. Freskotasuna falta izan zaie. Gauzak hala, liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla, sei puntura urrundu zaio Txapeldunen Ligarako sailkapena, eta gol aldea ere kontra jarri zaio.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, defentsako lerroan zituen hutsuneak aintzat hartuta, jakin-mina bazegoen noren aldeko apustua egingo zuen Valverdek, eta haren erabakiak ustekabea eragin du Athleticeko zale askoren artean. Izan ere, Vivian zelairatu du eskuin hegalean, Yeray eta Paredes erdian, eta Lekue ezkerrean. Erabakiak izan du zentzua, besteak beste, Samu Linoren abiadurari aurre egin izan nahi baitio zuri-gorrien teknikariak. Eta apustuak funtzionatu dio hastapeneko minutuetan. Bi taldeak nor baino nor gehiago aritu dira lehian, eta elkarri errespetu handia erakutsi diote. Bistakoa izan da jokoan asko zutela. Baina, halako partida hotzetara inor baino hobeto egokitu ohi da Atletico Madril, eta espero baino lehenago jaso du saria: 14. minutuan. Erdiraketa soil bat gaizki urrundu du Lekuek, eta aldaratzean gola sartu du De Paulek, haren jaurtiketak Ruiz de Galarretaren gorputzean jo ondoren. Zorte txarra izan du Athleticek, eta golak ez dio batere mesederik egin.

Irain arrazistak Nico Williamsi

Kolpeari erantzun ezinda ibili dira zuri-gorriak, nahi eta ezin. Zelaiaren hiru laurdenetan inspiraziorik eta sakontasunik ez dute topatu, eta aski aise ibili da etxeko taldea. Athleticen aldeko korner batean, irain arrazistak egin dizkiote Nico Williamsi harmailetatik, eta haren kexak ez ditu bazterrera utzi epaileak. Atletico Madrileko zelaiko arduradunarekin harremanetan jarri da, eta, bozgorailuen bidez, errespetua eskatu da. Behin hori bermatuta, partida martxan jarri da berriro.

Bada, handik aurrera hobeto aritu da Bilboko taldea. Baloia oinetan izan du, eta lehenbiziko abisua Sancetek eman du. Kanpora alde egin du haren jaurtiketak. Gol aukera garbirik sortu ez arren, konfiantzaz jokatzen jarraitu du Atleticek, eta atsedenaldiaren atarian jaso du saria. Jokaldi ero baten ondoren, Guruzetaren oinetara iritsi da baloia, eta haren pasea ederki baliatu du Williams anaietan gazteenak, banakoa sartzeko. Ate aurrean dotore aritu da golegilea.

Bigarren zatiari begira, berdinketaren golak emandako konfiantzarekin zelairatu da Athletic, baina berriz ere aparteko arriskurik ez zuen jokaldi batean aurrea hartu du Atletico Madrilek. Sancetek toki txarrean galdu du baloia, eta Kokek defentsaren bizkarrera emandako pasea ez du alferrik galdu Correak, 52. minutuan. Unai Simoni iskin eginda, 2-1ekoa sartu du aurrelariak. Egoera ikusirik, sekula baino azkarrago astindu du aulkia Valverdek, eta aldaketa hirukoitza egin du. Muniain, Herrera eta Berenguer zelairatu ditu Sanceten, Yerayren eta Guruzetaren ordez. Aldaketek ez dute zuhaitzik astindu. Sendo jokatu du Atletico Madrilek, eta ederki egin du ondoen egiten dakiena: ezertara jokatu ez. Minutu luzez ez da ezertxo gertatu zelaian.

Athleticek ahalegina egin du hegaletatik, Nico Williamsen eta Berenguerren bidez, baina sendo agertu da etxekoen defentsako lerroa. Hori ikusirik, Raul Garcia prest izan du Valverdek zelairatzeko, baina orduantxe iritsi da 3-1ekoa, berriz ere zorte txarraren eraginez. Samu Linok jaurtiketa egin, baloiak zutoinean jo, eta aldaratzean sareetara bidali du baloia Unai Simonek. Hortxe bukatu da lehia. Raul Garciak zelairako bidea hartu du txalo atean, baina ezin izan du ezer egin. Gaur galdu eta gero, lanean jarraitu beste erremediorik ez du izango Athleticek, baina izugarri zail izango du lehen lau postuetan sailkatzea. Hurrengo partida Getaferen zelaian jokatuko du, datorren ostiralean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.