Pilotazale ez direnak ere pilotaz maitemintzeko moduko partida izan da gaur Binakako Txapelketan, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Harmailak leporaino beteta zeudela, aspaldiko partidarik onena ikusi dute bertaratu direnek, eta garaipen handia eskuratu dute Javier Zabalak eta Julen Martijak. Etxeko zaleen aurrean, Zabalak goi mailako erakustaldia egin du Martijaren laguntzaz, eta, hala, Aspeko bikoteak hirugarren puntua eskuratu du. Erik Jakak eta Martxel Iztuetak ere lan bikaina egin dute, baina elkar ulertzeko arazoak izan dituzte hiru aldiz, eta garesti ordaindu dute azkenean. Baikoko bikotea aurretik izan da ia partida osoan, eta urdinek, 20-21ekoan lehen aldiz aurrea hartu, eta ez dute barkatu amaieran. Lan eginez eta kasta erakutsiz, puntu garrantzitsua sartu dute poltsikoan. Hala, bi bikoteak hiruna puntu dituzte sailkapenean.
Partida hobeto hasi dute Jakak eta Iztuetak. Batez ere Jakak hasiera elektrikoa izan du, eta harrapatu ahala amaitu ditu tantoak aurreko koadroetan. Bolada gozoa du aspaldian, eta distiraz jokatu du hastapeneko tantoetan. Iztuetak agindu egin du atzeko koadroetan. Garbi eman dio kolpea pilotari, eta nabarmen erakutsi dio bizkarra Martijari. Tantoak bukatzen ez ezik, jokoa aztertzen ere ondo baino hobeto daki Jakak, eta asmatu du noiz sartu jokoan eta noiz utzi pilota onak lagunari. Azkar joan da norgehiagokaren lehen herena, eta gorriek alde polita izan dute gehienean: 4-1, 5-2 eta 8-5.
Ohi bezala, Martijak arazoak izan ditu pilota berriekin. Nekez hartu dio neurria boteari, eta ezina sumatu zaio. Hori ikusita, Zabalak hartu du aginte makila. Inguruan igaro zaizkion pilotakada guztietara sartu da, eta nabarmentzekoa izan da defentsatik erasora pasatzeko erakutsi duen gaitasuna. Erritmoa aldatu dio jokoari, eta ikusgarri jokatu du. Langile, trebe eta eraginkor aritu da. Horri esker, zortzinakoa izan da partidako lehen berdinketa. Zailena egin ondoren, ordea, Jakak eta Iztuetak aurrea hartu dute berriz ere. Lizartzarrak distira apur bat galdu du erasoan, baina zorrotz jardun du defentsan, eta Iztuetak bere jokoari eutsi dio. Lehen atsedenaldi luzera 12-9 aurretik iritsi dira Baikokoak.
Martija, behetik gora
Atsedenalditik bueltan, Zabalak estu jokatzen segitu behar izan du. Iztueta gehiago izan da atzean, eta gorriek alde polita izan dute: 13-9, 14-10 eta 16-11. Aurrelari errioxarrak bereak eta bi egin ditu, baina tantoak amaitzeko orduan ez du askorik asmatu. Pilota motzean gurutzatzen ez da fin aritu, eta pare bat opari egin ditu jarraian. Bost tantoren aldea izanda, bazirudien garaipena gero eta gertuago zutela Jakak eta Iztuetak, baina orduantxe gogortu da lehia. Ongi gogortu ere. Pilotak gastatuz joan dira, horrekin batera Martijak behetik gora egin du, eta nekea agertu da. Lau pilotariek goraipatzeko moduko lana egin dute, eta Jakak zutik jarri ditu zaleak 16-14koan. Sake bati ezker airez erantzun dio seigarren koadrotik, eta tantoa egin.
Dena den, Zabalak eta Martijak tente eutsi diote buruari, eta egindako lanak fruituak eman dizkie azkenean: hamazazpina berdindu dute. Beste partida bat hasi da orduan. Tanto bakoitzak urrearen balioa izan du, eta nahasmena eta eromena nagusitu dira. Pilotariak lurrean barrena arrastaka ibili dira behin baino gehiagotan, eta zutik egoteko arazoak ere izan dituzte sarritan, nekearen eraginez. Haien sufrimendua pilotazaleen gozamen bihurtu da, eta, gainera, emozioa izan du azken txanpak. Hemezortzina ez ezik, hogeina ere berdindu dute urdinek, eta 20-21ekoan hartu dute aurrea lehen aldiz. Tarterik erabakigarrienean.
Bada, Zabalak berak egin du azken tantoa, eta frontoia erori egin da ia. Txapelketako partidarik onena jokatu dute lau pilotariek, eta errioxarra gustura agertu da. «Oso pozik nago, jarrera bikaina erakutsi dugu eta. Atzetik ibili gara ia beti, eta kastari esker irabazi dugu. Partida ikaragarri gogorra izan da, eta garaipenak zapore hobea du hala».
Seigarren jardunaldiko azken lehia bihar jokatuko da, Gasteizko Ogeta pilotalekuan (17:15, ETB1). Beste behin, leporaino beteta egongo dira harmailak, eta bi bikote handi ariko dira aurrez aurre: Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka. Lehen bi partidak irabazi ondotik, azken hirurak galdu egin ditu Aspeko bikoteak, eta, gauzak korapilatu aurretik, beharrezkoa du irabaztea.