Pozik dago Stephane Lemuno (Bogota, 1986). Eta ez da gutxiagorako, astebete eskas joan baita profesional mailako lehen txapela irabazi zuenetik: Bigarren Mailako lau t'erdikoa. Txapel horri esker toki bat izan beharko luke datorren urtean maila nagusiko lau t'erdikoan. Hori, hala ere, ikusteko dago. Izan ere, horretarako Asegarcek berritu egin behar dio urte amaieran bukatzen zaion kontratua. «Itxaropentsu» dago, eta «harro» azken urte erdian erakutsi duen jokoarekin.
Egun batzuk joan dira jada. Finalaren oroitzapenek hor diraute?
Bai. Gustura nago jokatu nuen finalarekin. Partida gogorra izan zen. Bukaeran hutsak egin nituen, eta ia galtzear egon nintzen. Agian, gorabehera gehiegi izan nuen, baina, azkenean, zortea ere eduki nuen, eta irabazi egin nuen.
Mikel Olazabalek sufriarazi egin zizun. Hala ere, ligaxkan bezala, zuretzat izan zen, azkenean, garaipena.
Aurkari gogorra izan da Olazabal; ez da batere erraza izan hari irabaztea. Finalean ligaxkan baino hobeto jokatu zuen. Azkenean nik irabazi nuen, baina partida guztietan bezala, orduan ere edozer pasa zitekeen.
10-19koan erabakita zirudien finalak, baina gero ederki kosta zitzaizun biribiltzea. 19-21 ere joan zineten. Arriskuan ikusi zenuen txapela?
Inongo momentuan ez nuen pentsatu partida irabazia neukanik, 22ra iritsi arte sufritu beharra dago eta. Oso urduri nengoen, Olazabal ere bai, baina uste dut normala dela. Final bat ez da egunero jokatzen, eta, gainera, txapela baino zerbait gehiago zegoen jokoan: kontratua. Urte amaieran bukatzen zait Asegarcerekin daukadan hitzarmena, eta banekien finala irabazteak aukera handia emango zidala hura berritzeko. Horrek guztiak, noski, areagotu egin zuen presioa.
Pozik al zaude egindako urtearekin?
Ez dut uste oso urte borobila egin dudanik, baina uste dut azken sei hilabeteetan gora egin dudala; hobeto ari naiz. Uztailetik gogor aritu naiz entrenatzen, partida guztietan ahalik eta itxura onena emateko. Banekien lau t'erdikoa nire azken txapelketa izan zitekeela, eta dena ematera ateratzen nintzen kantxara.
Lehen Mailan jokatzeko aukera emango dizutela uste al duzu?
Enpresak esan dit oraindik kontratuaz ezin didala ezer esan. Ez dakit Lehen Mailan jokatuko dudan ere. Lehenengo, berritzearekin amesten dut, eta, ondoren, etorriko da etorri behar duena; nik badaukat esperantza. Urte hauetan egindakoaren saria izango litzateke.
Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?
27 urte ditut, eta ez dakit zer egingo dudan kontratua berritzen ez badidate. Ez dut pentsatu nahi horretan. Berandu egin nuen debuta [24 urterekin], eta berandu hasi nintzen frontoian jokatzen; badakit oraindik frontoian ordu asko falta zaizkidala, eta hori nabaritzen da. Asko dut hobetzeko, sakean batez ere.
Ametsik ba al duzu?
Berriz txapeldun izatea eta pilotan ahal dudan urrunena iristea. Nik 40 urtera arte jokatuko nuke, baina badakit ezinezkoa dela. Inoiz beteko ez den amets bat da hori. Txikitatik nahi izan dut pilotan jokatu, eta, pilotarik gabe gelditzen banaiz, beste bizitza bat hasiko da niretzat. Oraingoz, kontratua berritzea eta entrenatzen jarraitzea da nire helburua. Ez dakit zer pasatuko den. Beraz, zain egotea tokatzen zait.
Zure ibilbidean garrantzi handia izan du Panpi Ladutxek...
Bai. Asko miresten dut; nire entrenatzailea izan da zazpi urtez. Hark erakutsi dit pilotan.
Stephane Lemuno. Asegarceko pilotaria
«Txikitatik dudan ametsa bukatzen bada, beste bizitza bat hasiko da niretzat»
Bigarren Mailako lau t'erdiko txapela jantzi zuen joan den ostiralean, Mikel Olazabali irabazita. Urte amaieran bukatzen zaio Asegarcerekin duen kontratua, baina oraindik ez daki enpresak berrituko dion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu