Dakar rallya

Txikitu, bizirik irauteko

Igande honetan hasiko da Dakar rallya, Perun. Lehen aldiz, herrialde bakar batean jokatuko da osorik. Bi euskal herritar arituko dira: Oscar Romero eta Fausto Mota moto gidari gasteiztarrak.

Moto gidari bat, Incako basamortuan, Perun. Handik pasatuko da aurten Dakar rallya. ERNESTO ARIAS / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ezer gutxi geratzen da 1978an estreinakoz Paris eta Dakar elkartu zituen rally hartatik. 31 urte pasatu dira, eta izena ere ez du mantentzen: Paris-Dakar zen orduan, eta Dakar rallya da aspalditik. Eta badira hamar urte ez dela ez Europan, ez Afrikan jokatzen.

Putzuaren bestaldean topatu du aterpea, Hego Amerikan. Baina han ere ez du lortu egonkortzerik. Argentinan, Txilen, Perun, Bolivian eta Paraguain jokatu da. Bizpahiru herrialdek hartu izan dute beti, gastuak eta lanak partekatze aldera. Baina herrialde horietako guztiek bizkarra eman diote jada Dakar rallyari; guztiek, Peruk ez beste. Herrialde horretan askok eskatu dute rallya antolatzeari uko egitea. Batetik, dirutza ordaindu behar delako, 25 milioi dolar inguru —22 milioi euro inguru—; eta, bestetik, lasterketak Peruko ondare arkeologikoari eta paleontologikoari kalte handiak eragin diezazkiokeelako. Hala ere, bereari eutsi dio Martin Vizcarra buru duen gobernuak. Hala, lehenbiziko aldiz, herrialde bakar batean jokatuko da osorik Dakarra. Igande honetan hasiko da, Liman, eta toki berean amaituko da, hilaren 17an.

Herrialde bakarrean jokatzeaz gain, inoizko ekitaldirik laburrena izango da. Hamar etapa jokatuko dituzte, eta 5.000 kilometro egin; horietatik 3.000, kronometratuak. 335 ibilgailuk hartuko dute parte. Etienne Lavigne Dakar rallyko zuzendariak ez du uste aldaketek probari kalte egingo diotenik. Aitzitik, sinetsita dago mesede egingo diotela. «Ez da Dakar okerrago bat izango. Aitzitik, sekulakoa izango da».

Ibilbidea erabili dute antolatzaileek amu gisa. Ibilbidearen %70 harean eta dunetan jokatuko da. «Harea da Dakar rallyaren DNA. Saharako basamortuan dago Dakarraren kondairaren jatorria, haren dunetan, haren hareazko masa handietan. Jatorri horietara itzuliko gara ekitaldi honetan», azaldu du Lavignek. Haren ustez, Peruko geografia «oso aproposa» da probarentzat. «Lautada handia dago Ozeano Baretik mendikatera, eta horrek zaildu egingo du parte hartzaileen lana. Ibilbide laburragoa izango da, baina gogorragoa. Tarte gutxi egongo da alde handiak lortzeko».

Aldaketek ez dituzte atzera bota parte hartzaileak. Hala, azken urteetako irabazle guztiak arituko dira: Stephane Peterhansel —hamahiru aldiz irabazi du: zazpi autoetan eta sei motoetan—, Cyril Despres —bost aldiz nagusitu da autoetan—, Carlos Sainz, Giniel de Villiers eta Nasser al Attiyah, besteak beste. Berriro lehiatuko da, halaber, Sebastien Loeb, Munduko Rally Txapelketa sei aldiz irabazitakoa. Laugarren ahaleginean, gailendu egin nahi du.

Lehen 30en artean

Bi euskal herritar ariko dira: Oscar Romero eta Fausto Mota, gasteiztarrak eta moto pilotuak biak —Txomin Aranak erretiroa hartu du—. Motak dauka bietan eskarmenturik handiena Dakarren, laugarren aldiz lehiatuko baita. Meritu handiko lana egin du aurreko hiru aldietan, beti bukatu baitu. Koska bat egin du gora urtero: 54. postuan sailkatu zen 2011n; 49.enean 2017an; eta 43.enean iaz. Aurten, jauzi handiagoa eman nahi du. «Moto aproposa dut, eta helburua lehen 30en artean sailkatzea litzateke. Lehentasuna, hala ere, gozatzea eta amaitzea da». Motak «gustuko» ditu antolatzaileek egin dituzten aldaketak. «Inoiz baino Dakarragoa izango da. Oso ideia ona iruditzen zait Perun bakarrik jokatzea. Toki aproposa da Dakarra edo halako rally bat hartzeko».

Romerok, berriz, hirugarren parte hartzea du. 2017an aritu zen estreinakoz, eta ez zuen amaitu, orkatila hautsi baitzuen. Iaz, berriz, arantza atera zuen, eta, motoarekin arazo asko izan zituen arren, iritsi zen helmugara: 48. postuan sailkatu zen. Hark ere gustuko motoa dauka, eta lehen 30en artean egon nahiko luke. «Erronka honetaz gozatu nahi dut. Iaz, maitemindu egin nintzen Peruko dunekin, baina, aurten, sufriarazi egingo digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.