Mirariren bat beharko du Fernando Alonsok Brasilera txapelketa irabazteko aukeraren batekin iristeko. Hamabi puntuko atzerapena dauka, eta hogei puntu daude jokoan. Posible da, baina ia ezinezkoa. Zorionez, Alonsok ez du berdin pentsatzen, eta azken unera arte lehiatzen jarraitu nahi du. Ez dauka galtzeko ezer, eta arriskatu egingo du. Ferrarirekin lehia estua izango du, Lewis Hamiltonekin izango duen lehiaz gain.
Txinan du azken-aurreko etapa aurtengo txapelketak. Aurreko astean Japonian ia erabakita gelditu zen, hala ere. FIAk emozioa gehitu nahi izan dio, Hamiltonek Japonian egin zituen mugimendu batzuk legezkoak izan ote ziren aztertuta. Txapelketak bat-batean erakargarritasuna galdu zuen, Alonsok huts egin zuelako, eta parekatua zen lehia desagertu egin zen. Lasterketa gutxi gelditzen dira hori konpontzeko.
Ikusle batek Youtube-n jarri zuen bideo batekin etorri zen zurrunbilo guztia. Bertan, segurtasun autoaren atzetik zebiltzan unean Hamiltonek bat-bateko balaztatze eta azeleratzeak egin zituela ikus zitekeen, eta horrek eragin zuen Sebastian Vettelen istripua; Vettel bera eta Webber lasterketatik kanpo geratu ziren. Vettelen nagusiak, Franz Tostek, FIAri igorri zion bideoa, istripuaren errua Hamiltonena zela argudiatuta.
Ordutik FIAk kasua esku artean izan du, eta atzo arte ez zuen ondoriorik atera. Azkenean, Hamilton errugabetu egin du, eta arrazoiz, gainera. Batetik, zigortzeko beranduegi delako, eta, bestetik, horrenbesterako ez zelako izan. Ez da horrelako istripuren bat gertatu den lehen aldia, eta besteetan ez dute inor zigortu. Baina, beste batzuetan bezala, FIAren azterketa berandu dator, eta ikusle baten bideoak behartuta izan dela dirudi.
HAMILTON TXAPELDUN IZAN DAITEKE. Hamabi puntuko aldearekin, eta bi lasterketa falta direla, ingelesak titulua lor dezake bihar. Horretarako, Alonsoren aurretik gelditzea nahikoa du, eta, bestela, haren atzetik gelditzea, tartean gidaririk sartu gabe. Ez dirudi zaila, eta Txinan lortzen ez badu, Brasilen iritsiko da. Apustua hori da: non lortuko du titulua Hamiltonek?
Itxuraz, Alonsok alde du pistaren ezagutza, dagoeneko hirutan korritu duelako han, eta Hamiltonentzat, berriz, lehen aldia da. Baina Hamilton ikasle azkarra da, eta atzoko saioan ondo ikasi zuen, laugarren amaitu zuelako; aurrenekoengandik gertu, gainera. Beste hirurak oso estu sailkatu ziren, eta, ziurrenik, lehia ez da Hamilton eta Alonsoren artekoa bakarrik izango. McLaren-Ferrari borroka ere izango da.
Aste honetan Alonsoren etorkizunaren inguruan beste datu batzuk atera dira; aukerak azaleratuz doaz. McLarenek diru asko galduko luke Alonsori ospa egiten utziz gero, baina atzo bertan adierazi zuen Ron Dennisek ez duela espainiarraren jarrera ulertzen, ez baitu hitzik egiten. Horrela jarraituz gero, McLarenek ez du hura taldean mantentzeko inolako gogorik, baina Alonsok babesle espainiar asko erakarri zituen eta horiek ere galtzea gehiegizkoa litzateke. Alonso joan eta babesle horiek mantentzeko, McLarenek Pedro de la Rosa taldean mantenduko luke. Haren abiadura, baina, ez da garaipenak lortzeko modukoa.
Lasterketa igande goizean izango da, 08:00etan, eta litekeena da eguerdirako Hamilton titulua ospatzen aritzea.
TXINAKO SARI NAGUSIA. Bidea garbi Hamiltonentzat
FIAk ez du zigortuko Hamilton Japoniako mugimenduengatik, eta Alonsok miraria beharko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu