Miguel Madariaga

«Txirrindulariak faltako dira, ez delako formakuntza lanik egiten»

Beherengo mailetatik profesionaletaraino, guztietan ibili da Miguel Madariaga txirrindulari taldeak bultzatzen. Gaur egun, «oso txarto» ikusten du errepideko txirrindularitza.

Miguel Madariaga, Euskaltel Euskadi taldeko manager izandakoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko azaroaren 3a
15:11
Entzun

Gaur zortzi, 25 urte bete zituen Derioko Txirrindularitza Gela Pedagogikoak, eta zapatuan ospatu zuten. Miguel Madariaga (Lemoiz, 1944) izan zen sustatzailea, ikusi baitzuen txirrindulari profesionalak gura baziren umetatik prestatu behar zirela. Erretiroa hartzeko adina betea duen arren Madariagak, erakundearen buru jarraitzen du. Hainbat ogibide izan ditu, baina, bereziki, txirrindularitzari lotuta igaro du bizitza. Euskadi Fundazioaren presidente eta Euskaltel Euskadi taldearen manager karguak egin zuen ezagun.

Zelan sortu zen Derioko Txirrindularitza Gela Pedagogikoa?

Lehenengo, Euskadi Fundazioa sortu zuten. Fundazioak bost bat urte zeramatzanean, konturatu ginen gauzak ez zeudela ondo hasita. Fundazioa sortu zen maila profesionalean ibiltzeko. Konturatu nintzen txirrindulariak ez zetozela ondo prestatuta. Fundazioak lehenengo txirrindulariak prestatu beharko lituzke, baina orduan ez zen horrela. Ni hasieran ez nintzen gidatzen zuen taldekoa. Alberto Pradera [orduko Bizkaiko ahaldun nagusia] zen bultzatu zuena. Ni diputazioan nengoen beharrean, eta joaten nintzen Albertogaz lasterketetara. Txikitatik ezagutzen ninduen, eta esan zidan batzarretara joateko. Jende inportantea sartu zen fundaziora. Zer egin zuten? Lehengo, euren soldatak jarri, talde profesional txiki batekoenak baino handiagoak. Albertoren prentsa arduraduna zen Juan Carlos Urutxurtu, eta baita fundazioaren arduraduna ere. Albertok ikusi zuenean zer gertatu zen, Juan Carlos eta hirurok elkartu ginen, eta esan zidaten dena aldatu behar genuela. Aldatu genuen, eta azkenean, ni ipini ninduten buru. Zer topatuko nuen jakin izan banu, ez nintzen joango. Baina barruan nengoen. Fundazioan gelditu ginen pertsonok aurrera egin ez bagenu, fundazioa desagertu egingo zen. Hiru urte eroan genituenean lanean, Urutxurturi eta bioi ondasunak enbargatu zizkigun diputazioak, gauza batzuk txarto egin zirelako. Konpondu genituen. Orduan konturatu nintzen eskola beharrezkoa zela, fundazioak txirrindulari profesionalak sortu behar zituela. Eskolak egin duen beharretik irten dira Pello Bilbao, Mikel Landa…

Zer egin zenuten?

Sortu genuen eskola, eta handik jaio zen zaletuen mailako talde bat: Nartugas Energia; hor sartu genituen aurretik zeuden taldeak eta txirrindulariak. Profesionalen eta gazteen artean, Orbea Continental sortu genuen. Katea behetik gora arte osatu genuen. Gela Pedagogikoan, 7 urtetik 12ra arteko umeak ditugu. Orain 50 ditugu; 70 ere izan ditugu. Eskolatik irtendako neskekin talde bat sortu genuen, baina gaur egun ez dago zer eginik andreen txirrindularitzan. Beheko mailetan ez du inork laguntzen; gurasoak egiten dira kargu. Orain, eskolatik irteten diren mutilekin kadete talde bat sortu dugu Loiun. Horretan gabiltza gogor. Argi eta garbi dago hemen errepideko txirrindularitza oso txarto dagoela.

Talde profesionala gura bada, harrobia behar da, ezta?

Horretan gabiltza Gela Pedagogikoan. Lehen falta zen harrobia, eta orain ere falta da. Momentu honetan txirrindularitzari beste bide batzuk eman zaizkio. Nik ez diot txarrak direnik, baina beste batzuk dira. Hartu du indarra BBTk, ziklo-krosak… Pistakoa ez dago hain indartsu. Baina errepidekoa txarto dago. Errepidekoa sufrituagoa da, dedikazio handiagoa eskatzen du, entrenamenduak luzeagoak dira. Kirolaria desberdin jagon behar da; zorrotzago. Oraingo gazteak ez datoz lehengoak bezala.

Esan duzu andreena ez dela babesten hainbeste. Zergatik?

Neskarik ere ez dago. Badago Durango-Bizkaia, eta Sopelako taldea ere bai, baina uste dut Sopelakoa ez dabilela ondo. Eneritz Iturriagak Leonen du eskola, baina eskolak ez du indarrik.

Dirua falta da?

Inoizko laguntzarik handiena du, baina txirrindularitzan beste era batera egin behar dira gauzak berdintasuna lortzeko. Nesken kasuan, ez dago deskonexiorik; mutiletan, bai. Mutilak, kadeteak direnean, gurasoengandik apartatzen dira. 17 urterekin, ondo datozenek ordezkaria dute; gurasoak aparte uzten dira. Ez dakit ona edo txarra den, baina hori egiten da. Ikusten dut nesken artean ez dagoela txirrindularitzagatik sakrifikatzeko hainbeste borondaterik. Izan daiteke hori arazoa? Nik ahaleginak egin ditut neskekin, baina ezinezkoa izan da.

Zelan heldu zinen zu txirrindularitza mundura?

Orain dela 54-55 urte Mungian bazegoen taberna bat, Gangoitirena. Ez dut izena gogoan. Han [Josu] Arenaza medikua egoten zen. Valentin Uriona [txirrindularia] ekartzen zuen tabernara. Ni Mungian taxilari beharrean hasi nintzen. Txirrindularitza betidanik gustatu zait. Andrakakoa [Lemoiz] naiz, eta Mungiara etortzeko, Plentziara joateko, beti behar izan dugu bizikleta. Andrakakoa zen Agustin Urrutia ere; orain Mungian bizi da. Edade batekoak ginen, gutxi gorabehera. Haregaz hasi nintzen Gangoitiren tabernara joaten, eta han ezagutu nituen denak. Hura izan zen gure hasiera. Orduan hasi nintzen Valentinegaz lasterketetara eroaten; Gabino Ereñozagagaz ere bai. Mungiako txirrindulari taldea ere handik kudeatzen zen. Bidearen beste aldean, Leon Arruzaren drogeria egoten zen, eta hura izan zen Mungiako txirrindularitza soziedadearen presidentea urte askoan. Gatikakoak ziren Bilbao anaiak, Jose Luis eta Celestino; Ereñozagaren lehengusuak. Haiekaz danekaz hasi nintzen. Mungiako lehen taldea, Valentin Uriona, sortu genuen, eta presidentea izan zen Felipe Goienaga. Haiek hartu ninduten Goimar jubenilen taldea sortzeko; 15.000 pezeta eman zizkiguten. Gero, zaletuetara pasatu ziren handik irtendako txirrindulariak, eta Olarra sortu genuen. Han zuzendaria nintzen. Gora eta gora egin nuen, profesionaletara ailegatu arte: Euskadi Euskaltel bultzatu nuen. Izenak horrek behar zuen, baina Euskaltelek agindu zuen, euren izena lehenengo jartzeko.

Zelan gogoratzen duzu Euskaltel Euskadiren garaia?

Poz handiak hartu nituen, baina disgustuak ere bai. Sano gogorra izan zen. Laguntza gutxi izan nituen, baina onak. Kategoriako pertsonak izan nituen alboan. UCI World Tourren, sorrera agirian Euskadi Fundazioa Miguel Madariaga sinadura dago.

Disgustuak, zeintzuk?

Hasieran, gorpuztu artean, gauza asko pasatu ziren, eta gogorrak. Denak, politikoak. Baina nik aurrera egin nuen.

Eta pozak?

Talde txikiekaz hasi nintzenean, Etorkizuneko Tourrera joaten. Hemengo jendeagaz eta hemengo izaeragaz joaten ginelako zabaldu zizkiguten ateak. Jean Marie Le Blanc zen arduraduna. Nik ez nekien frantsesik. Mutiko batek esan zidan joan behar nuela berba egitera. Gure masajistak frantsesa zekien, eta biok joan ginen. Esplikatu behar izan nuen nor ginen. Oraindik Euskadi ginen; gero etorri zen Euskaltel. Azaldu nien zein zen nire helburua eta noren laguntza nuen. Esan zidaten deitu zidatela Dalmacio Langarikaren izaera bera genuelako: formalak eta errepidean egurra ematen dakitenak. Hori da Tourrean nahi dutena. Urtero joan ginen Etorkizuneko Tourrera. Behin, eskatu zidaten Tourraren hasierara joateko. Esan zidaten zer hobetu behar genuen logistikan, eta, hobetuz gero, urtebetean edo bi urtean Tourrera joan ahalko genuela. Hori entzutea itzela izan zen. Uste dut hori izan zela pozik handiena. Etapa garaipenak ere bai.

Roberto Laisekarena, adibidez?

Gauza handia izan zen. Baina aurretik disgustu handia hartu genuen. Joan ginen lehen Tourrean analisietan positibo bat izan genuen. Lehenago ez zegoen hori UCIn; orduan hasi ziren. Gu izorratzeagatik egin zuten. Ez ziguten zigorrik jarri. Etapa irabazi genuenean, denak isildu ziren. Nik banekien nor nuen arerioa eta nor nuen laguna.

Pirinioetatik pasatu eta bazterrrak euskal zalez beteta ikustean zer sentitzen zenuen?

Hori esateko ez dut berbarik. Ordurako gauzak ondo eginda egon behar izaten ziren aurretik. Hura izan zen handiena. Hamabi Tour egin ditut. Aurtengo uztailean, Tourra hona etorri zenean, [Christian] Prudhommek [Tourreko zuzendaria] esan zuen kontuan edukitzeko hona etorri zirela Miguel Madariagak emandako irudiagatik. Euskaltel Euskadigatik eta Miguel Madariagagatik etorri da Frantziako Tourra Euskadira. Hori entzun, eta pentsatu nuen egin beharrekoak eginda ditudala. Bilbon, aurkezpen egunean, omenaldia egin zidaten. Tourra berriro ekartzea ez da erraza izango; ez urte gutxian, behintzat.

Abraham Olanok esan du bost urte barru Tourra Euskal Herrira itzuliko balitz, ez litzatekeela erraza izango euskal txirrindulariak lehian ikustea.

Txirrindulariak faltako dira, ez delako formakuntzan lanik egiten. Ez da bakarrik txirrindularitza lantzea: arlo pertsonalean ere lan handia egin behar da. Gazteak ez datoz ondo. Sakelako telefonoak, tabletak… Gauza gogorrak ikusten ari gara formakuntzan dabiltzan gazteen artean. Olanok ere horretan egiten du lan, eta badaki zer dagoen. Badaude etorkizun ona izan dezaketen txirrindulariak. Bat, hemen, Mungian: Jon Barrenetxea; bake bada, Tourra lehiatuko du.

Batez ere, txirrindularitzari lotuta ibili zara. Baina taxilari ere ibili zara, masajista, eta baita itsasoan ere lehenago.

16 urtegaz joan nintzen itsasora, etxean laguntzeko. Gaurko gazteek ez dute pentsatzen etxean lagundu behar dutenik ere, baina orduan guk bai, eta baserrikook, gehiago. Baserriak ematen du adimena eskolara joan beharrik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.