Entzungailua bai ala ez? Gaur, azken urteetan ohi ez bezala, Frantziako Tourreko 10. etapan (Limoges-Issoudun, 194,5 kilometro) ez dute halako tramankulurik izan txirrindulariek, Nazioarteko Federazioak eta Tourrak berak debekatuta. Neurria ez zaie gustatu ziklistei, eta planto egin dute. Goizean euren bilera egin dute, eta etapan lasai-lasai aritzea erabaki.
Artean Limogesen zirela, talde bakoitzetik bik entzungailua eramatea eskatu diete antolatzaileei txirrindulariek, baina ezezkoa jaso dute. Ezin izan dute, hortaz, norberaren zuzendariarekin eta taldekideekin harremanetan egon lasterketan. Nazioarteko Federazioak eta Tourrak karrerari beste bizitasun bat eman nahi zioten neurri horrekin. Gaur, bederen, ez dute erdietsi.
Etapa Mark Cavendishek irabazi du, esprintean. Itzuli honetako hirugarrena du, denboraldiko hamaseigarrena. Nagusi izan da gaur ere, erraz. Etapan Benoit Vaugrenard, Samuel Dumoulin, Mikhail Ignatiev eta Thierry Hupondek kilometroak egin dituzte ihes eginda, baina bukaera aldera harrapatu dituzte.
Rinaldo Nocentinik segitzen du lider, Alberto Contador dago bigarren -sei segundora-, Lance Armstrong hirugarren -zortzira-. Mikel Astarloza (Euskaltel-Euskadi) da lehen euskal txirrindularia: 17. dago, 3.02ra.
Bihar korrituko dute Tourreko 11. etapa: Vatan-Saint Fargeau (192 kilometro). Laugarren mailako bi mendate izango dituzte.
Asteburura arte ez dute mendiko etaparik izango. Hilaren 26an amaituko da itzulia, Parisen.
txirriNDULARITZA
Txirrindulariek protesta egin dute Tourrean, entzungailuen aferagatik
Nazioarteko Federazioak eta antolatzaileek debekatu egin diete entzungailua eramatea, eta ziklistek lasai-lasai hartu dute eguna. Mark Cavendishek irabazi du berriro etapa, esprintean. Hirugarrena du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu