Askok baietz esango dute, baina ez dugu itunik egin txirrindularion artean. Etapa hasieran bigarren mailako mendate bat geneukan, bidea ez zegoen egoera onean, eta lasai igotzea erabaki dugu. Ez dugu hitz egin elkarrekin, baina logika erabili dugu. Lasai igo, Serafin Martinezek eta David Moncoutiek mendiko puntuak lehiatu, eta gero hasi da etaparen lehia. Berriz diot, batzuek baietz esango dute, baina txirrindularion artean ez dugu itunik egin. Alferrik zen erritmo bizia jarri, lasterketa txikitu, batzuei izugarri sufriarazi, eta kilometro batzuk pasatuta denok, berriz ere, bat egitea.
Gilbertena ikusgarria da. Ez da izan Bettinik irabazi eta Gilbert bera bigarren geratu zen eguneko etapa amaiera berdina, baina orduan bezala, gaur ere estresagarria izan da amaiera. Eta telebistan ez da ezer ikusi, baina Frank Schlecki gurpila zulatu zaio azken hiru kilometroen barruan. Gaurkoa ez zen mendiko etapa, eta horregatik eman diote bera zihoan taldeko denbora bera. Baina non amaituko zuen etapa? 15 segundoren galera eduki du. Baina aurrekoekin iritsiko zen? 30 segundo galduko zituen? Auskalo, baina ez dut uste kexatzeko moduan dagoenik.
Eta Mosquerarena... Akats handia egin duela uste dut. Itzulia oso estu egongo da, eta Bola del Mundoko etaparen bezperan hamabi segundo oparitzea... Azkenean aldearen %30 da. 38 segundoren galera zeukan, eta orain 50 segundorena. Eta asko da hori. Orain jada ez dakit noren alde egin apustu. 50 segundo asko da. Bai, 20 segundoren gainsaria dago helmugan, baina horretarako etapa irabazi beharko luke Mosquerak, eta bere kirol ibilbidean ez du etapa askorik irabazi. Sasoi onean dago, baina Joaquim Rodriguez ere bai, eta laugarren postua dauka jokoan... Laugarren postutik bederatzigarrenera ez dago alde handirik, gainera, eta gainsariak denentzat dira gustagarriak. Kontuan eduki behar da lehenengo aldiz igoko garela Bola del Mundora, eta denek utzi nahiko dute izena han.
Hori bai, uste dut Puritok Pro Tour liga irabazi nahi duela, Pro Tourreko sailkapena daukala buruan. Vuelta lehen hamarren artean bukatuz gero, eskura izango du liga, eta ez dut uste bihar itsu-itsuan ibiliko denik.
TXIRRINDULARITZA. Baietz esango dute, baina ez dugu itunik egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu