TXIRRINDULARITZA. Bidesaririk gabe, saria

Andre Greipel Columbiako esprinterrak irabazi du bosgarren etapa, eta bera jarri da lider

unai zubeldia
2009ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Bidesaririk ordaindu ez, eta saria jaso. Horixe egin zuen atzo Andre Greipel Columbia taldeko esprinterrak Espainiako Vueltako bosgarren etapan, Tarragona eta Vinaroz artekoan (174 kilometro). Erorikoak izaten dira askotan esprinterren bidesariak. Itsu-itsuan joaten dira, 60 kilometro orduko abiaduran, helmuga marra soilik buruan dutela, eta burua galtzen dute gehiegitan. Espainiako Vueltan eroriko dezente izaten ari da orain arte, eta atzo ere izan zen beste bat. Esprintari bete-betean ekitera zihoazenean gertatu zen erorikoa, eta faboritoetako bat joan zen lurrera: Gerald Ciolek (Milram). Erorikoak hautsi egin zuen beste behin ere tropela, baina esprinter gehienek etapa lehiatzeko aukera izan zuten.

Baina erorikoen bidesari hori ordaindu gabe, saria jaso zuen Greipelek. Vueltan etapa bat irabazita zegoen atzo arte, baina atzo bigarrenez etapa irabazi eta liderraren maillota eskuratu zuen, 20 segundoko gainsariari esker. Eta liderraren maillota janzteaz gain, esprinter gehienak baino biziago dabilela erakutsi zuen. Itxuraz, Tom Boonen (Quick Step) zihoan ondoen kokatuta esprintean, Rabobankek azken kilometroetan egindako lan ona baliatuta, baina Greipelek potentziaz irabazi zion Booneni azken metroetan. Ez Boonen, ez Bennati, ez ziren gai izan alemaniarra gehiegi estutzeko.

Azken esprintaren aurretik bero handia izan zen atzoko ezaugarria. 30 gradurekin eta hezetasun handiarekin irten ziren txirrindulariak Tarragonatik, eta tropelak gorputza gehiegi ez estutzea erabaki zuen. Tropelaren baimenarekin, hasiera-hasieratik sortu zen eguneko ihesaldia. Sei lagunek ihes egin zuten: Aitor Hernandezek (Euskaltel-Euskadi), Jose Antonio Lopezek (Andalucia-Cajasur), Serafin Martinezek (Xacobeo-Galicia), Julian Sanchez Pimientak (Contentpolis), Julien El Faresek (Cofidis) eta Matheus Pronkek (Vacansoleil). Zazpi minutuko aldea ere izan zuten, baina Saxo Bankek ez zien alde handiagoa lortzen utzi.

Rabobanken kontrol lana

Eta behin esprinterrei lana erraztuta, esprinterren taldeek hartu zuten tropela bideratzeko ardura. Amaiera Oscar Freire espainiarrarentzat aproposa zela iritzita, Rabobankek lan handia egin zuen azken kilometroetan. Philippe Gilbert (Silence-Lotto) saiatu zen helmugara iristeko bost kilometro falta zirenean zegoen muinoan ihes egiten. Eta lortu, lortu zuen. Baina alferrik. Columbiak, Liquigasek eta Quick Stepek esprinta nahi zuten, eta esprinta izan zuten. Gainsariarekin batzuentzat, eta sariarekin beste batentzat. Gaur seigarren etapa jokatuko da, 177 kilometrokoa, eta Xativa herrian izango dute irteera eta helmuga.



Sailkapena

BOSGARREN ETAPA

1. Andre Greipel (Columbia) 4.27.54

2. Tom Boonen (Quick Step) d.b.

3. Daniele Bennati (Liquigas) d.b.

4. Tyler Farrar (Slipstream) d.b.

5. William Bonnet (Bouygues) d.b.

6. Jurgen Roelandts (Silence) d.b.

7. Oscar Freire (Rabobank) d.b.

8. Borut Bozic (Vacansoleil) d.b.

33. Iñaki Isasi (Euskaltel) 18ra

35. Amets Txurruka (Euskaltel) d.b.

NAGUSIA

1. Andre Greipel (Columbia) 19.40.23

2. Tom Boonen (Quick Step) 6ra

3. Daniele Bennati (Liquigas) 17ra

4. Tyler Farrar (Garmin) 21era

5. Fabian Cancellara (Saxo Bank) 27ra

6. Oscar Freire (Rabobank) 33ra

7. William Bonnet (Bouygues) 34ra

8. Dominique Rollin (Cervelo) 38ra

37. Haimar Zubeldia (Astana) 55era

46. Arkaitz Duran (Fuji) 59ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.