TXIRRINDULARITZA. Bigarren saria Antonentzat

David Moncoutiek irabazi du Espainiako Vueltako zortzigarren etapa, Xorret de Catin, eta Euskaltelekoa da lider orain

2010eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi) ez du erraz ahaztuko aurtengo Espainiako Vuelta. Laugarren etapa irabazi zuen aurrena, eta atzo maillot gorria eskuratu zuen, itzuliko zortzigarren etapan. Galdakaoko txirrindularia une gozoan da, eta hori ahal beste luzatzea dagokio orain. Antonek berak pozarren aitortu zuen atzo helmugan «sari potoloa» dela berarentzat. «Maillotaz egunero gozatzeko prest nago. Etorkizuna iritsiko da, hau etorriko denaren iragarpena baino ez da. Ea maillotari eusteko gai garen, ez da erraza izango», gaineratu zuen.

Maillot gorriari eusteko borroka gogorra izango da, sailkapen nagusia ikusita. Antonek Joaquim Rodriguezen (Katuxa) denbora bera du, baina etapa garaipenari esker da lider. Hain zuzen ere, azken metroetan borroka bizia izan zuen Rodriguezekin atzo. Katuxako txirrindularia heldu zen aurretik, eta tartetxoa ireki ziola pentsatu zuen Antonek: «Harrituta nago. Dena den, liderra izango ez banintz ere, ez litzateke mingarria izango».

Valentziako Villena herritik Alacanteko Xorret de Cati mendatera arteko (Herrialde Katalanak) 190 kilometroek Vueltako panorama goitik behera aldatu dute. Mendiko lehen etapa zen, bost mendaterekin. David Moncoutie beteranoa (Cofidis) izan zen bizkorrena. Eguneko ihesaldian sartu zen, eta bakarrik helmugaratu zen frantziarra, bukaerako aldapetan erakustaldia emanez. Kaltetuena Philippe Gilbert (Omega) izan zen. Atzo arteko liderrak hiru minutu baino gehiago galdu zituen helmugan, eta horrekin batera, lidergoa. Ez zen sufritu zuen bakarra izan. Frank Schleckek (Saxo) bi minutu eta erdi galdu zituen, eta Denis Mentxov (Rabobank) Gilberten atzetik heldu zen.

Lasterketa hasiera nahasia izan zen, eta eroriko ugari izan ziren. Besteak beste, David Arroyo (Caisse d'Epargne), Mark Cavendish (Columbia) eta Alessandro Petacchi (Lampre) lurrera joan ziren. 50. kilometroan gutxi gorabehera alde egin zuten ihesaldiko bost txirrindulariek: Jose Luis Arrieta (Ag2r), Moncoutie (Cofidis), Serafin Martinez (Xacobeo), Johan Tschoop (Bouygues) eta Assan Bazaiev (Astana).

Bost minutuko tartearekin igo zituzten Tudons, Torre de Les Mançanes eta La Carrasqueta bigarren mailako mendateak. Nagia hartu zuen tropelak, eta 7.30era igo zen tartea helmugarako 48 kilometro falta zirela. Cervelo taldea lanean jarri eta erritmoa bizitu zuen hasieran, baina gero tiratzeari utzi zion. Azken kilometroetan piztu zen berriz ere lasterketa. Liquigasek esnatu zuen tropela, eta Xorret de Catiko lehen aldapetan bizitu zuen erritmoa Moncoutiek, garaipenaren bila.

Etapa garaipena zehaztuta, maillot gorria nork jantzi jokatu zen tropeleko txirrindularien artean. Borroka horretan aritu ziren Anton, Rodriguez eta Vicenzo Nibali (Liquigas), elkarri neurria hartuz. Moncoutierengandik minutu eta 29 segundora iritsi ziren azken metroetan eraso joz behin eta berriz. Hirurek indartsu daudela erakutsi zuten. Batera heldu ziren, esprintean. Beste batzuk atzean gelditu ziren ezustean -Frank Schleck eta Mentxov-, errepidea baita ziklisten indarren neurria.

Antonek Nibali jotzen du irabazteko faborito nagusia, haren ustez «denen gainetik» baitago. Italiarra hirugarren dago sailkapen nagusian, bi segundora. Rodriguezek, berriz, «eutsiko diola» deritzo, «Vuelta luze egin badakioke ere», Tourrean aritu baitzen aurretik.

Agur Sky taldeari

Etapak Sky taldearen hutsunea izan zuen, azkenean lasterketa utzi baitu, Txema Gonzalez masajista gasteiztarra herenegun bakterio infekzio baten ondorioz hil ostean. Minutu bateko isilunea ere gorde zen etapa hasi aurretik.

Gaur bederatzigarren etapa jokatuko da, Calp eta Alcoi artean. 187 kilometroko ibilbidea da, eta zazpi mendate daude tartean, lau bigarren mailakoak eta hiru hirugarren mailakoak. Bihar, berriz, atseden eguna izango dute txirrindulariek.



Sailkapenak

ZORTZIGARREN ETAPA

1. David Moncoutie (Cofidis) 5.14,32

2. Serafin Martinez (Xacobeo) 54ra

3. Johann Tschopp (Bouygues ) d.b.

4. Jose Luis Arrieta (Ag2r) d.b.

5. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 1.29ra

6. Vincenzo Nibali (Liquigas) d.b.

7. Igor Anton (Euskaltel) d.b.

8. Assan Bazaiev (Astana) 1.32ra

9. Xavier Tondo (Cervelo) d.b.

10. Carlos Sastre (Cervelo) 1.35era.

12. Marzio Bruseghin (Caisse) 1.48ra.

14. Ruben Plaza (Caisse) 2.00ra.

16. Mikel Nieve (Euskaltel) d.b.

17. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 2.02ra

23. Frank Schleck (Saxo Bank) d.b.

30. Amets Txurruka (Euskal.) 3.09ra

NAGUSIA

1. Igor Anton (Euskaltel) 32.28.49

2. Joaquim Rodriguez (Katuxa) d.b.

3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 2ra

4. Xavier Tondo (Cervelo) 42ra

5. Marzio Bruseghin (Caisse) 1.10era

6. Ruben Plaza (Caisse) 1.15era

7. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 1.18ra

8. Nicolas Roche (Ag2r) 1.19ra

9. Peter Velits (Columbia) 1.26ra

10. Tejay Van Garderen (Columbia) d.b.

13. Frank Schleck (Saxo Bank) 1.47ra

16. Carlos Sastre (Cervelo) 2.11ra

18. Mikel Nieve (Euskaltel) 2.35era

33. Amets Txurruka (Euskal.) 24.49ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.