Orduan 19. etapa jokatu zen, Cuneo eta Pinerolo artean, gaur bezala. Adolfo Leoni zen liderra, baina Monzara -han bukatu zen Corsa Rosa urte hartan- heldu aurretik, handia egiteko, lasterketa irabazteko intentzioa zeukan Coppik. Colle della Maddalena, Vars, Izoard, Montgenevre eta Sestrieres mendateak igo behar zituzten txirrindulariek. Coppiren eta Gino Bartaliren arteko lehia handia zen garai hartan, baina errepidean kontrarioak bezala, bi txirrindulariak lagunak ziren bizikleta alboratzen zutenean.
Adiskidetasuna, ordea, beste baterako utzi zuen Coppik orduan. Colle de la Maddalena -Larche, frantsesez- igotzen ari zirenean jo zuen erasoa, eta gero, Pinerolon gauzatu zuen balentria. Bakar-bakarrik gainditu zituen etapako bost mendateak. Montegenevren ia zazpi minutuko aldea pilatu zuen; eta Sestrieresen, berriz, ia zortzikoa. Gero, helmugan, 11 minutu eta 52 segundo kendu zizkion Bartaliri, bigarrenari, eta maglia arrosa jantzi zuen. Ia 10 ordua behar izan zituen, eta batez besteko abiadura 27 kilometro ordukoa izan zen.
Baina Colle della Maddalena gainditzeko trabak jarri dizkiete antolatzaileei, eta, gainera, hor bertan irrati frekuentziekin arazoak edukiko zituztela ohartarazi zieten. Hortaz, etapa Italian jokatuko da oso-osorik.
Sailkapena
NAGUSIA1. Danilo di Luca (LPR) 33.13.35
2. T. Lovkvist (Columbia) 13ra
3. Michael Rogers (Columbia) 44ra
4. Levi Leipheimer (Astana) 51ra
5. Denis Mentxov (Rabobank) 58ra
63. Iker Camaño (Fuji) 25.44ra
72. Iban Maioz (Xacobeo) 29.23ra
73. David Lopez (Caisse) 31.55era