TXIRRINDULARITZA. Egun luzea izan da...

Juanma Garate.
2010eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Egun luzea izan da gaurkoa. Gaueko bederatziak eta oraindik masajea hartu gabe. Dena asko luzatu da. Hasiera hunkigarria izan da, Txema genuelako guztiok gogoan. Gero, 25. kilometroan, Denis [Mentxov] erori egin da, eta horrek haren jarduna baldintzatu du, eta, azkenean, jendetza zela eta, Xorret de Catitik bizikletaz jaitsi egin behar izan dugu autobusera iritsi eta hotelera arteko bidea egiteko. Ez da egun ona izan, eta afarian taldeko aldartea alaitzen saiatu beharko dut, ez baita mundua bukatu, hemen gaude bederatziak. Halako egunetan eskarmentua garrantzitsua da, mahaian hitza hartu, barre pixka bat egin, eta kideak animatzeko, ardo baso batekin bada ere!

Egun luzea modu hunkigarrian hasi da, Txema Gonzalezi irteeran eginiko omenaldi beroarekin. Ni aurrean jarri naiz, ezagutzen nuen, tratu ona nuen, eta ni bezala asko ikusi ditut jota. Zorigaitzak denak astindu gaitu; oso jende gogorra ikusi dut negarrez. David Millarren eskutitz bat irakurri dut. Berak Saunier Duvalen ezagutu zuen Txema, eta hunkitu egin nau. Horrelako etapa hasiera batekin inor gutxik zuen zalapartarako gogorik.

Baina etapa hasi da, denak aurrera jarraitzen duelako, eta 25. kilometroan itzulia baldintzatuko duen erorketa bat egon da. Jende garrantzitsua erori da: Cavendish, Gilbert... eta tartean Denis. Kolpea hartu du belaunean eta ezinean aritu da. Azkenean sumatu du, eta bi minutu galdu ditu helmugan, eta berak badaki itzuliko irabazlea segundo kontua izango dela. Nolabait, gure xede nagusia apur bat kareletik bota dugu, eta gaur ikusi behar etapak helburu hartzen ditugun. Izan ere, Denis ondo ez badago, bera izango da ez jarraitzea erabakiko duen aurrenekoa.

Eta egun luzeak afari berantiarra izango du, eta barre horiek eragiteko erronka. Eta bihar beste egun bat izango da. Atzo esan nuen, hau zanpagailu bat da, eta lehen bi orduetan eroen moduan ibiliko gara, kostako baita ihesaldia osatzea. Muturrekoak egongo dira hor sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.