Tropelean min egin du gaurko etapak, min handia, eta sailkapenari begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Erritmoa ez da azkar-azkarra izan, baina bai iraunkorra, eta, beste behin ere, bero ikaragarria izan dugu. Beroaz gain, hezetasun handia zegoen, eta hasterako blai eginda neuzkan zapatilak. Ibilbide guztian ez zegoen metro bakar bat ere ordekan, eta horren erakusgarri, 3.000 metroko desnibela pilatu dugu azkenean. Ez dakienarentzat, asko da hori.
Igor Antonek irabazi du azkenean etapa, eta zorionik beroenak beretzat. Oso indartsu dago, eta merezi du. Lasterketan sartuta dago, eta denok Puritoren [Joaquim Rodriguez] aldeko apustua eginda geneukan arren, erakustaldia eman du. Ezustean harrapatu ditu denak, eta zorionak berari eta bere taldeari, oso lan ona egiten ari direlako. Lider argia daukate, egunero hura babesten ari dira, eta oso txukun ari dira.
Baina gaur Laurent Fignon eduki nahiko nuke bereziki gogoan. Berari begira hazi naiz, eta bera gailurrean zegoenean hasi nintzen ni lehen pedalkadak ematen. Orduan hasi zitzaidan gustatzen kirol hau. Eta, tira, txoko honetatik doluminak familia guztiari. Eguna triste antzekoa izan da denontzat, baina azken unera arte txirrindularitzari lotuta egon da behintzat. Tourrean bertan izan zen etapa batzuetan, eta ikusi zutenek esaten zuten nahiko gaizki zegoela. Ez dakit noiz irten den albistea, baina etapa amaitu, autobusera iritsi, telefonoa piztu eta Interneten begira hasitakoan ikusi dut nik.
Baina aurrera jarraitu beharra dago, eta eguneroko borrokari eutsi beharko diogu guk. Gaurko amaiera ere ez zen egokiena Denisentzat [Mentxov], baina uste baino samurragoa izan da behintzat. Gogorra zen aldapa, baina askoz gogorragoa izango zela uste genuen. Segundo batzuk galdu ditu, baina erabat kontzentratuta jarraitzen dugu. Taldean makal samar dauden txirrindulariak indartuz joatea espero dut, Denis Vuelta irabazteko moduan ikusten dudalako.
TXIRRINDULARITZA. Egun tristea denontzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu