TXIRRINDULARITZA. Eskerrak zaleei

Juanma Garate.
2010eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ez oso indartsu, baina egun osoan jo du haizeak, eta amaieran urduritasun handia izan dugu tropelean. Helmugarako hogei kilometro falta zirela ezkerrera bihurgunea geneukan, eta momentu hori larri samarra izan da. Ondoren, hamar kilometro falta zirela, berriz ezkerrera hartu dugu, eta sailkapen nagusirako lehian gabiltzan taldeak oso adi ibili gara. Horrek, noski, tentsio handia sortu du.

Baina autobusean etapa ikusiz etorri naiz, eta telebistan inondik inora ere ez da nabaritzen tropeleko tentsioa. Ni aurre-aurrean nindoan, eta tropel burukoak dena emanda gindoazela ziurta dezaket. Telebistan, hala ere, bazirudien lasai gindoazela. Sinesgaitza da.

Hala ere, behar genuen etapa lasai bat, eta gaurkoa halakoa izan da. Lehen erasoarekin sortu da ihesaldia, eta lasai antzean ibili gara, haizeak tentsioa sortu duen arte. Denis [Mentxov] babestu beharra daukagu guk, eta, alde horretatik, taldekide guztiak ez gaudela maila berean esango nuke. Niri ordekan behar baino lan gehiago egitea egokitzen ari zait, eta badakit mendian ere lan egin beharko dudala. Neke handia pilatzen ari naiz, eta ez dakit, ez dakit...

Eta taldekideak aipatuta, gelakideaz hitz egin nahiko nuke. Tourrean Denisekin [Mentxov] egon nintzen, eta orain Oscarrekin [Freire] nago. Harreman ona daukagu, eta eskertzen da, gogorra baita eroso ez zauden batekin 21 egun igarotzea. Hori bai, erabat desberdinak dira biak. Denis oso kontzentratuta egoten da beti; oso hotza da, eta askotan gaiak atera beharra egoten da hitz egiteko. Eta Oscar... Oscarri berdin zaio proban lehiatzea edo ez lehiatzea; beti berdin egoten da. Inoiz ez da urduritzen, inoiz ez dauka presiorik. Baina magoen antzekoa da gero, Munduko Txapelketa irabazteko gai baita.

Eta bitxikeria gisa, Jose Luis Arrietarekin elkartu naiz momentu batean tropelaren atzealdean, eta honela esan diot: «Eskerrak zaleek hegan garamatzaten». Kilometro askotan ez zegoen inor errepide bazterrean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.