TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Busti gabeko bala bakarra

Alessandro Ballaneek irabazi du Pirinioetako lehen etapa, laino artean ihes eginda iritsi ostean, eta bera jarri da lider

unai zubeldia
2008ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Klasikozalea, indartsua eta azkarra. Hiru adjektibo horien batuketa da Alessandro Ballan italiarra (Lampre). Baina kalterik ez deskribapen horri iheskide arriskutsua dela gaineratuz gero. 18. kilometroan sortu zen atzo bost laguneko ihesaldia, eta bertan ziren Iñigo Landaluze (Euskaltel-Euskadi), Xabier Zandio (Caisse d'Epargne), Marc De Maar (Rabobank), Gianni Meersman (Francaise des Jeux) eta Ballan bera. Pirinioetako lehen etapa. 223 kilometro. Hirugarren mailako mendate bat, bigarren mailako beste bat, lehenengo mailako beste bat, eta, amaiera, maila bereziko La Rabassan. Zerutik behera, berriz, ur jauzia. Eta ur jauziaren azpian Ballan, egoskortuta.

Sastrek eta Valverdek erasoa joko zutela, Contador eta Leipheimer zain egongo zirela, Mosquera, Moreno, Anton eta ezusteren bat azal zitezkeela... Arrisku handia zeukan, itxura batean, Espainiako Vueltako mendiko lehen etapak, baina espero zenaren erdirik ere ez zen ikusi. Ez zen ikusi, txirrindulariak, une oro, lainopean ibili zirelako; eta, ez zen ikusi, faborito gehienak elkarren babesean ibili zirelako.

Etapa hasiera urduriaren ostean, azkar lortu zuen ihesaldiak zortzi minututik gorako aldea. 9.20 minutuko aldearekin igaro ziren eguneko lehen mendatetik, eta sailkapen nagusiari begiratuta, 13. postuan zegoen atzo arte Ballan, liderrarengandik 2.30era. Euripean, beraz, etapa garaipena baino zerbait gehiago zegoen jokoan. Horregatik estutu zuen hainbeste italiarrak aurrean. 11 minutuko aldea lortu zuten iheslariek 117. kilometroan.

Orduantxe hasi zen Astana bazterrak nahasten. Cofidisi laguntza eman, eta nabarmen bizitu zuten erritmoa Contador eta Leipheimerren taldekideek. Euria goian-behean, Ballan maillot horia janzteko zorian... Estutzea hobe izango zela pentsatu zuten. Bai atzean, eta baita aurrean ere. La Rabassa lehen aldiz igotzen hastearekin batera geratu zen atzean Zandio, eta baita Landaluze ere, pankartapetik gertu. Sei minutura zihoan tropela, sakabanatuta. Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi), Patrice Halgand (Credit Agricole) eta Carlos Castaño (Xacobeo) lehenengo erasoka; Paolo Bettini (Quick Step), David Garcia (Xacobeo), Mauricio Ardila (Rabobank), David Arroyo (Caisse d'Epargne) eta Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi) gero... Lainopean zalaparta ugari atzean, baina, isil-isilik, Ballan aurrean maillot horiaren atzetik.

Bakar-bakarrik egin zuen azken igoera, dotore, eta ia hiru minutuko aldearekin iritsi zen helmugara. Etapa eta liderraren maillota beretzat. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) mugitu zen atzean, eta segundo politak lortu zituen helmugan; baita Contadorrek berak ere. Oso txukun Anton -erasoa jo zuen-. Ondo Sastre, Leipheimer eta Rodriguez. Eta lehen txakalaldiak jota Valverde. Ia minutua galdu zuen helmugan. Ia ezer ez. Baina ez da seinale ona.



Sailkapena

ZAZPIGARREN ETAPA

1. Alessandro Ballan (Lampre) 6.15.51

2. Ezequiel Mosquera (Xacob.) 2.42ra

3. Alberto Contador (Astana) 2.45era

4. J. Rodriguez (C. d'Epargne) 2.50era

5. Levi Leipheimer (Astana) d.b.

6. Igor Anton (E. Euskadi) d.b.

7. Carlos Sastre (CSC) d.b.

8. D. Moreno (C. d'Epargne) 3.03ra

9. Marzio Bruseghin (Lampre) 3.11ra

10. Davide Rebellin (Gerolsteiner) d.b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1. Alessandro Ballan (Lampre) 23.53.26

2. Levi Leipheimer (Astana) 1.00era

3. Sylvain Chavanel (Cofidis) 1.21era

4. Alberto Contador (Astana) 1.34ra

5. A. Valverde (C. d'Epargne) 2.06ra

6. Carlos Sastre (CSC) 2.27ra

7. Jurgen Van Goolen (CSC) 2.59ra

9. Igor Anton (Euskaltel) 3.17ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.