Tropel guztiak zekien ihesaldia helmugara iritsiko zela, eta horregatik izan da irteera hain azkarra. Argi geneukan ihesaldian norbait sartzea zela gure helburua, ondoren etapa irabazten saiatzeko. Eta hala gertatu da. Iñigo Landaluze eta Alan Perez sartu ditugu ihesaldian, eta horiez gain, Txente Garcia, Imanol Erbiti eta David Herrero ere sartu dira aurrean, beste euskaldunak ere aipatzearren. Bost euskal herritar ihesaldian. 18tik bost ez da gutxi, ezta?
Eta behin ihesaldia sortu denean, lasai-lasai joan gara atzean. Indarrak gordetzen saiatu gara, bai baikenekien ihesaldia helmugara iritsiko zela. Eta ihesaldikoak ere nahiko lasai joan dira, bukaerara ondo iristen saiatzeko. Azkenean, garaipena Imanolentzat. Egia esan, merezita irabazi du, ez baita erraza Espainiako Vueltan etapa bat irabaztea, eta are gutxiago horrelako ihesaldi batean. Oso jende abila zegoen aurrean; Bettini bera, adibidez.
Baina, azkenean, den-dena batu behar da: indarra, abilezia, azkartasuna... Horren guztiaren batura behar da etapa bat irabazteko, eta pozgarria da Erbitik irabazi izana. Indarrak oso-oso ondo neurtu ditu, eta oso azkarra izan da. Baina, tira, horrelako ihesaldietan beste alde bat ere izaten da, eta, gure kasuan, Alan Perez geratu da beste alde horretan. Etaparen lehian Alan sartzea erabaki dute, eta autobusean sartu ahala biak zoriondu ditut nik, etapa irabazi ez arren, ihesaldian sartzea lortu dutelako. Baina oso haserre zegoen Alan. Landaluzek ahal izan duen guztia egin du Alanen alde, baina, gorputzaldi ona izanagatik, Alanek ezin izan dio etekinik atera. Horrelako aukerak ezin direla galdu esan eta esan ari zen, haserre, eta arrazoia zeukala uste dut, irabazteko aukera ez baita egunero izaten.
Lehengoan ere, ihesaldian sartu nintzenean, aipatu nizuen ez dela nahikoa ihesaldian sartzea, gero irabazi egin behar dela, berdin baitio bigarren edo 17. geratzeak. Irabazlea soilik edukitzen da gogoan, eta horregatik zeukan Alanek hain umore txarra.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Oso haserre zegoen Alan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu