Bizikleta gainetik autora igaro da aitaren batean, eta gustura nabaritzen da hizketan telefonoaren bestaldean. Txirrindulari gazteenei etorkizuna eduki dezaketela erakustea da bere asmoa, hori lortu bitarteko bidea leuntzea.
Gutxitan izango duzue Pro-Tour Ligako taldeen aurka lehiatzeko aukera. Erronkari aurre egiteko gertu?
Bai, hala espero dut. Orbearen apustua formazio lana da, gazteenei etorkizunean txirrindulari izateko bidea erraztea, eta non hobe, hori erakusteko, etxean baino gehiago. Taldearen izaera ezagututa, agian egokiagoa da guretzat Etorkizuneko Tourra, maila apalagoko proba delako, baina babeslea ere etxekoa da eta dagokigun neurria ematen saiatu behar dugu.
Zer litzateke zuretzat neurria ematea?
Ba ihesaldietan sartzea, tropel buruan agertzea. Oinak lurrean, ametsaren parekoa litzateke garaipenen bat lortzea, baina saiatu, saiatuko gara. Ausart izan behar dute gazteek. Itxaropena badaukat Gorka Arrizabalaga, Beñat Albizuri eta Gustavo Dominguezekin.
Maila apalago batean, Kaikuren pareko filosofia duzue. Nolatan iraun daiteke garaipenen exijentziarik gabe?
Lehenik eta behin, Kaikuri zorionak eman nahi nizkioke, lan zoragarria egiten ari delako. Nola iraun? Beno, Orbeak, garaipenen bitartez lortzen den publizitatea Euskaltel-Euskadi eta Comunitat Valenciana taldeekin lortzen du, materialarekin. Guri gazteak hezteko eskatzen digute, eta hori eginez gero, denak konforme. Nire lehen zeregina eta Orbearena, gazteenei txirrindularitzan etorkizuna izan dezaketela erakustea da.
Mingain gaiztoek diote Euskaltel-Euskadiren harrobia izan eta lehen taldea baino hobeto ari zaretela.
Beno, nire lana ez da Euskaltel-Euskadi taldearen jarduna epaitzea, Orbearena baizik. Jon Odriozola Orbeako kirol zuzendaria da, ez Euskaltel-Euskadikoa.
TXIRRINDULARITZA. EUSKAL BIZIKLETA. JON ODRIOZOLA. «Gazteek gai direla erakuts dezakete; nahikoa niretzat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu