TXIRRINDULARITZA. EUSKAL BIZIKLETA. Olentzeroren mozorroa falta zuten

Eladio Jimenezek irabazi du Tolosan, eta Itzulia ere esku-eskura du; tropela belaunikatu egin da eta garaileak zortzi minutuko aldea lortu du

Andoni Urbistondo.
2005eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Adituetan adituenak ere ez luke asmatuko Euskal Bizikletan gertatutakoa arrazoitzen. Ulerkaitza izan zen zeharo Euskal Bizikleta irabazteko hautagairen bat duten taldeen jarrera eta itzuliko garaipena musutruk oparitu zioten Eladio Jimenez espainiarrari (Comunitat Valenciana). Zenbaiti Olentzeroren mozorroa janztea ahaztu egin zitzaion atzo. Atzokoa opariak egiteko eguna zela jabetuko ginen horrela, behintzat.

Aitzakiaren bat bilatzen hasita ere, ezin bilatu. Konpreniezina delako Euskaltel-Euskadi edo Liberty taldeek itzulia irabazteko aukerari, helburu hori lortzeko borrokari muzin egitea. Belaunikatzea, amore ematea, are larriagoa da laranja kolorekoei dagokionez, etxean korritzen ari direlako eta etxean dena eman behar dela suposatzen delako. Herrerok lortutako bi garaipenekin gehiegi lasaituko ziren taldeko kirol arduradunak, agian.Bakarren batek Euskaltel-Euskadik ihesaldian Aketza Peña zutela esango du, eta Zallakoa lasterketa buruan zegoela. Alegia, beste talde batzuek zutela lana egiten hasteko ardura, erantzukizuna. Peña, ordea, azkar geratu zen etapa garaipeneko lehiatik at, berarekin zihoazen beste zortzi iheslagunak bezala. Bizkaitarrarekin podiuma lortzeko erronka izan liteke beste aitzakia, baina errespetu osoz, eta Itzulia bukatzeko geratzen dena gogoan, Peñak oso zail zuen eta du podiuma. Gainera, 3.47ko atzerapena pilatu zuen Sopelan herenegun. Helmugan Joseba Albizu, Jon Bru, Igor Astarloa eta Joachim Rodriguezekin batera helmugaratu zen, besteak beste, tropelaren aurretik, eta hori ikusita, batek daki zer gerta zitekeen Euskaltel-Euskadik Jimenez irensteko lan egin izan balu.Libertyk ere ez zuen jazarpenean aritzeko borondaterik erakutsi. Viciosok etapa abiatu aurretik taldea ez zutela alferrik lehertuko esan zuen, sasoiz-eta ez dagoela iaz bezain indartsu, eta beste talde batzuek hartu behar zutela erantzukizuna. Ez zioten garrantzirik eman Viciosoren esanei, baina bete-betean konplitu ziren etapan ondoren.Saunier Duval taldeak bakarrik erakutsi zuen lana egiteko borondatea, baina azkar geratu zen agerian haiek bakarrik ezin izango zutela Jimenez harrapatu. Txirrindulari bat gutxiagoarekin ari da Matxinen taldea Euskal Bizikletan, eta Goierri aldeko errepide malkartsuek azkar ito zuten Cobo eta Dominguezen ahalegina. Eladio Jimenezek ere sua zeukan hanka zuztar puztuetan, eta nahierara utzi zituen iheskide izan zituen denak. Ibilbidea ere alde izan zuen garaileak. Azken 50 kilometroetan sei mendate zeuden eta Jimenez igotzaile aparta da. Ez ditu alferrik bi etapa irabazi Espainiako Vueltan, Xorret del Cati mendate tentean.

Antolatzaileek badute haserre egoteko motiborik

Bizkaian, Durangaldeko lautadan egin zuen hanka hamar laguneko taldeak. Han ziren Eladio Jimenez, Aketza Peña, Almagro (Relax), Santambroggio (LPR), Crosbie (Agritubel), Del Nero (Orbea), Palomares (Kaiku), Luis Leon Sanchez (Liberty) eta Cavallari eta Efimkim (Barloworld). Zortzi minutuko zuloa ireki zuten azkar. 11 minutukoa, ia-ia, Asentzio mendatea pasata. Tropela lasai, paisaiari begira.

10 minutuko aldea, bere horretan. Lehen desadostasunak aurreko taldetxoan. Atzean desadostasunik ez. Denak lozorroan. Eladio Jimenez azkar jabetu zen taldekideak zekenkerian ari zirela eta lehen aldapan, Olaberrian, haiek xaxatzen hasi zen. Erasoa jo, gelditu. Erritmoa aldatu, zain geratu. 60 kilometro zituen aurretik, gehiegi bakar-bakarrik egiteko.Tropelean nobedaderik ez. Bata besteari begira. Zuk tira, nik tira, egon hadi lo eta jango dek mehe. Aurreko taldea hautsi gabe zegoela, onartzekoa zen talde batzuek ez tiratzea, baina Larraitzen gora ospa egin zuen Jimenezek eta orduan ere, atzean inor ez zen mugitu. Jimenezek, zazpi minutuko aldeari eutsi eta handitu egin zuen, eta tropela, bitartean, lasai-lasai, lasterketak ihes egiten ziela ikusi eta erreakzionatu ez.Antolatzaileak ikusten ari zirena sinetsi ezinik egongo ziren, ziurrenik. Parte-hartze txukuna lotu, oso kostata, ibilbidea ere ikusgarria egin, eta taldeen jarrera konformistagatik itzuliko garailea erabakita, hiru etapa falta direla. Emozioa etapa garailera mugatuko da gaur eta asteburuan, eta pena da, Euskal Bizikleta lasterketa bizia, irekia izan delako, azken unea arte.Hiru etapetan kilometro asko dago, eta mendateak ere ugari, baina Eladio Jimenez ez da herrena. Hala izanda ere, hutseginda ere, zortzi minutuko aldea du itzulia irabazi nahi dutenekiko. Non kenduko diote mi- nutu zaku hori? Inon ez, batez ere Kelmek ihesaldi arriskutsuak estu zainduko dituelako, beste batzuek ez bezala. Vicente Beldak beste lankide batzuek ez duten ausardia duelako.

-

Sailkapenak



2. ETAPA



1.- E. Jimenez (Com. Val.) 4.34.592.

Aketza Peña

(Eus.-Eus.) 2.40ra3. S. Cavallari (Barl.) 3.03ra4. A. Palomares (Kaiku) d. b.5. Vladimir Efimkin (Barl.) 5.11ra6. Jose Almagro (Relax) 6.17ra7. M. Santanbroggio (LPR) 7.16ra8. J. Rodriguez (Saunier) 8.00ra9.

Jon Bru

(Kaiku) d. b.10. Pavel Tonkov (LPR) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA



1. E. Jimenez (Com. Val.) 8.34.082. A. Palomares (Kaiku) 2.40era3. S. Cavallari (Barl.) 2.44ra4.

Aketza Peña

(Eus.-Eus.) 5.38ra5. M. Santambrogio (LPR) 7.16ra6. J. Rodriguez (Saunier) 7.34ra7.

Jon Bru

(Kaiku) d. b. 8.

David Latasa

(Com. Val.) d. b.9. David Georde (Barl.) 8.00ra10. Pavel Tonkov (LPR) d. b.11.

Joseba Albizu

(Eus.-Eus.) d. b. 13.

A. Gonzalez

(Eus.-Eus.) 8.20ra14.

Iñaki Isasi

(Eus.-Eus.) 8.24ra 15.

P. Arreitunandia

(Barl.) 8.32ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.