Lehen etapa
Kontuan hartzen dugu bezperan Flandesko Tourra korritu ondoren txirrindulari asko etortzen direla. Beti gertatu izan dahori gurean, eta aurten ere, halaxe. Beraz, berandu ateratzen gara, etapa laburra egiten dugu, mugitua, txispaduna. Iaz muinotxo batean bukatu genuen, eta aurten Deskarga kokatu dugu helmugatik gertu. Tropela zatituta iritsiko dela uste dut.
Bigarren etapa
Jendea urrutitik jotzen saiatuko da ziurrenik, eta alde handi samarra lor dezakete aurrera egiten dutenek. Halere, esprinterrek beren aukera edukiko dutela uste dut. Ixua mendate gogorra da, baina helmugatik oso urruti dagoenez eta gero aldapatxoak besterik ez dagoenez, ez dut uste lehen mendate horrek min handirik egingo duenik. Dena den, ezer ere ezin da ziurtatu.
Hirugarren etapa
Kontuan hartzeko etapa izango dela uste dut. Bernedora heldu ondoren, 1.000 metrora helduko gara mendate bat igo ondoren, eta gero helmugara heldu arte egin beharreko bidea oso bihurria da: goraka, beheraka jaitsiera luzeak... Gainera, Aguilar de Codes igo behar da bi aldiz, eta gogorra ez izan arren, 11 kilometroko aldapa da. 1998an han hautsi zen lasterketa. Nire ustez, zatituta iritsiko da tropela.
Laugarren etapa
Urteroko etapa dela esango nuke. Aurten beste muinotxo bat sartu dugu ibilbidean (San Martin Zar), betiko zirkuitua luzatzearren, baina betikoa da, bai: Vitoria, Zaldiaran... Iaz, baina, ihesaldi garrantzitsua izan zen, kristoren lana egin zuten, eta lider aldaketa gertatu zen. Beraz, kontuz, gauza arraroak gerta litezke eta. Segundo garrantzitsuak gal litezke.
Bosgarren etapa
Gorla eta Santa Ageda inguruko mendate gogorrenetakoak dira; lehen mailakoak bai baina luzeak ez direnez, bigarren mailako batek bezala puntuatuko dute. Alkiza gero, ordekan kilometro batzuk Orioraino, eta Aiako aldapa gogorra. Ez da luzea, kilometro eta erdi pasatxo, baina %28ko pendiza du zati batean, eta baita %17koa, %18koa edo %22koa ere. Ikusgarria izango da jendearentzat. Txirrindulariak, ordea, ez dira hain pozik egongo.
Seigarren etapa
Luze samarra izango da erlojupekoa. Lehengo urtean 14 kilometrokoa zen, eta aurten, berriz, 20koa. Dena dela, zirkuituak berak eskatzen du distantzia hori. Berehala hasiko dira aldapa gora, eta gero, jaitsi ondoren, kilometro dezente dituzte egurrean ibiltzeko. Pedalei asko eragin beharko diete helmugara heltzeko.
TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA. TXIRRINDULARITZA
EUSKAL HERRIKO ITZULIA. IBILBIDEA, JOSE LUIS ARRIETAREN ARABERA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu