TXIRRINDULARITZA. Gelan, ardo botilarekin

Juanma Garate.
2010eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Atzoko egurraren ondoren, atseden egunarekin gozatzen ari gara. Herenegungo etapak jota utzi gintuen, euria egin zuelako; atzokoa tentsio handiko etapa izan zen; 300 kilometroko bidaia izan genuen gero... Baina, tira, bost izarreko hotel batean gaude orain, Bodegas Arzuaga hotelean. Harrera bikaina egin digute, gainera, ardo botila bana utzi digutelako logelan. Mauricio Ardilarekin nago orain logelan, eta spa-ra joatea erabaki dugu, atseden hartzeko. Ea indarberritzen gaituzten.

Oso nekatuta gaude, eta erlaxatzeko eguna izango da gaurkoa. Edozein mugimendu eginda ere, nekatu egiten gara. Bazkaltzeko garaian edalontzira ura botatzen hasi naiz, eta kosta egiten zitzaidan botilari eustea. Lehertuta nago. Atseden egunetan, gainera, psikologikoki ere lasaitu egiten zara, eta edozein mugimendu egitea gehiago kostatzen da.

Euskaltel-Euskadirekin batera gaude hotelean, eta esan daiteke eurak direla hemengo nagusiak. Nabari zaie poza. Oso alai daude, leku guztietara elkarrekin joaten dira, gozatzen ari dira, eta pozten naiz. Batzuetan kritikaren bat edo beste egin izan diet, ni oso kritikoa naizelako, baita neure buruarekin ere. Baina zoriontzekoa da egiten ari diren lana. Eurak punta batean daudela esan daiteke, eta gu bestean. Eurak pozez zoratzen daude, Vueltako helburuak beteta; eta gu, berriz, ezinean gabiltza. Ez dugu helbururik lortu, eta oso urruti gabiltzala esango nuke, Denisek [Mentxov] erlojupekoan poz handiren bat ematen ez badigu, behintzat.

Eskertzen da bigarren atseden egunaren ondoren mendiko etaparik ez edukitzea, Vuelta oso gogorra izaten ari delako. Aurreko urteetan baino gogorragoa. Lehen etapetan, egin zuen beroarekin, asko atzean geratzen hasi ziren jada. Horregatik, gaur ia denok atseden hartu dugu. Denisek entrenamendu txiki bat egin du, ibilbidea ikustera joan da, baina ez da ezer gertatzen egun batez hotelean geratzeagatik. Denis, Cancellara eta Larsson, horiek dira etaparako nire apustuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.