Gainontzekoak, aldiz, aurrean sartu ziren. Aurrean sartu ziren, etapa osoan aurrean joan zirelako. Danilo di Lucak (LPR), Levi Leipheimerrek eta Lance Armstrongek (Astana), Ivan Bassok (Liquigas) edo Damiano Cunegok (Lampre) ez dituzte muturrean edo muturretik gertu kilometro mordoxka bat alferrik egiten. Badakite nolakoak diren Italiakoerrepideak, badakite azkeneko kilometroak hegan egiten direla, badakite erorikoak gerta daitezkeela, eta, hortaz, hobe aurrean ibiltzea. Horregatik, erorikoak ez zituen ezustean harrapatu.
Ordurako jada bat eginda zihoan tropela. Izan ere, helmugara heltzeko 30 kilometro falta zirenean irentsi zuen tropelak eguneko ihesaldia. Giuseppe Palumbok (Acqua&Sapone), Juri Krivtsovek (Ag2r), Mauro Faccik (Ag2r), Mikhail Ignatievek (Katusha) eta Bjorn Schroederrek (Milram) osatu zuten; 150 bat kilometro egin zituzten buruan, eta sei bat minutuko abantailarekin ibili ziren uneren batean.
Baina volatta jokatzeko aukera gehiegi ez daude aurtengo Giroan, eta, beraz, esprinterren taldeak lanean hasi ziren. LPR, Barloworld, Lampre... Baita Astana eta Liquigas ere, euren liderrak babesean eramateko. Erorikoaren ondoren, ordea, txikitu egin zen tropela, eta aurrena Thomas Voecklerrek (Bouygues Telecom) eta Davide Malacarnek (Quick Step) egin zuten aurrera. Azkeneko hiru kilometroen barruan, berriz, Marzio Bruseghin (Lampre) italiarren idoloa eta Giovanni Visconti (ISD) ahalegindu ziren. Alferrik. 57 txirrindulariko tropel horretan Petacchik izan behar zuen azkarrena, eta hala izan zen. Corsa Rosa-n lortutako 21. etapa garaipena da, bere ibilbideko 151.a, eta, 2003an bezala, maglia arrosa jantzi du.
Gaur mendiko lehen etapa jokatuko dute. 162 kilometro, Padua eta San Martino di Castrozza artean. Azkeneko mendatea hamahiru kilometro da luze, eta %6ko batez besteko pendiza dauka.
Sailkapenak
HIRUGARREN ETAPA1. Alessandro Petacchi (LPR) 4.45.27
2. Tyler Farrar (Garmin) d.b.
3. Francesco Gavazzi (Lampre) d.b.
4. Dario Cataldo (Quick Step) d.b.
5. Damiano Cunego (Lampre) d.b.
6. Philippe Gilbert (Silence-Lotto) d.b.
7. Oscar Gatto (ISD) d.b.
8. Michael Rogers (Columbia) d.b.
10. S. Garzelli (Acqua&Sapone) d.b.
62. Denis Mentxov (Rabobank) 24ra
89. Iban Maioz (Xacobeo) 1.25era
102. D. Lopez (Caisse d'Epargne) d.b.
106. Iker Camaño (Fuji-Servetto) d.b.
162. Pedro Horrillo (Rabobank) 5.42ra
NAGUSIA
1. Alessandro Petacchi (LPR) 8.50.06
2. Tyler Farrar (Garmin) 8ra
3. Michael Rogers (Columbia) 18ra
4. Thomas Lovkvist (Columbia) d.b.
5. Lance Armstrong (Astana) 31ra
6. Danilo di Luca (LPR) 40ra
7. Yaroslav Popovitx (Astana) 44ra
8. Levi Leipheimer (Astana) d.b.
9. Andri Grivko (ISD) 45era
10. Francesco Gavazzi (Lampre) 52ra
92. Iban Maioz (Xacobeo) 3.15era
103. I. Camaño (Fuji-Servetto) 3.33ra
107. D. Lopez (Caisse) 3.45era
155. Pedro Horrillo (Rabobank) 7.46ra