Esprinter asko ito egiten dira aldapan gora, eta horixe egin nahi izan zuen atzo Katuxak Cresta del Gallo bigarren mailako mendatean gora. Igoera horietan hainbestean moldatzen da Filipo Pozzato, eta esprinter-igotzaileak helmugatik gertu zegoen aldapa horretan gora hasi ziren azken esprinta jokatzen. Katuxak berak, Cofidisek eta Liquigasek egindako lanari esker, ordurako ezerezean utzita zeukaten eguneko ihesaldia -Juan Estrada (Andalucia-Cajasur), Markus Eichler (Milram) eta Freddy Bichot (Bouygues) sartu ziren ihesaldian-, baina Pozzatoren aldeko apustu horretan, beste esprinter-igotzaile bat eurena bezain abila dela ahaztu zitzaien Katuxakoei. Thor Hushovdek (Cervelo) urruti dauka garai bateko abiadura puntua, baina talde txikietan ez dauka parekorik. Cresta del Gallon gora gorriak ikusi zituen norvegiarrak, baina estutu hartan irabazi zuen esprinta, Espainiako Vueltako seigarren etapako esprinta.
Berrogei bat laguneko tropeltxoa igaro zen mendiko pankartapetik, eta bertan ez zen esprinter azkar-azkarrik. Ez Mark Cavendish (Columbia), ez Tyler Farrar (Garmin), ez Oscar Freire (Rabobank) eta ez Alessandro Petacchi (Lampre). Esprinter-igotzaileentzat gozokia zegoen aurreko taldetxoan, eta Cervelok gogotik lan egin zuen taldearen oreka hauts ez zedin. Xavier Tondo eta Iñigo Cuesta lanean jarrita -baita Vladimir Karpets ere (Katuxa)-, aldapan gora hasitako esprinta bideratu zuen Cervelok. Allan Davis (Astana) eta Daniele Bennati (Liquigas) arriskutsuak iritsi ziren atzetik. Baina horrelakoetan nekez huts egiten du Hushovdek.
Sailkapenak
SEIGARREN ETAPA1. Thor Hushovd (Cervelo) 3.36.20
2. Daniele Bennati (Liquigas) d.b.
3. Grega Bole (Lampre) d.b.
4. Allan Davis (Astana) d.b.
5. Filipo Pozzato (Katuxa) d.b.
6. Philippe Gilbert (Omega) d.b.
7. Peter Velits (Columbia) d.b.
8. Pablo Urtasun (Euskaltel) d.b.
9. Samuel Dumoulin (Cofidis) d.b.
36. Juanma Garate (Rabobank) d.b.
47. Egoi Martinez (Euskaltel) d.b.
NAGUSIA
1. Philippe Gilbert (Omega) 22.36.26
2. Igor Anton (Euskaltel) 10era
3. Joaquim Rodriguez (Katuxa) d.b.
4. Vincenzo Nibali (Liquigas) 12ra
5. Peter Velits (Columbia) 16ra
6. Tejay Van Garderen (Columbia) 29ra
7. Xavier Tondo (Cervelo) 49ra
8. Frank Schleck (Saxo Bank) 50era
20. Mikel Nieve (Euskaltel) 2.14ra
41. David Lopez (Caisse) 5.27ra