Bi agertu ziren, bai, amaiera aldera, Garmin-Transitions taldeko bi taldekide azkar. Baina bietako inor ez zen euskalduna. Bietako inork ezin txisterik ulertu, beraz. Bitontok amaiera bihurria zeukan gordeta, bihurgune askokoa eta aldapa etzana, baina, azken batean, aldapa prest zeukana. Amaiera zail horretan, Julian Dean eta Tyler Farrar taldekideek nahierara kontrolatu zuten tropel burua. Garminek gogotik lan egin zuen egun osoan, Giroko hamargarren etapa esprintean amai zedin -Columbia ere bete-betean aritu zen lanean-, eta horrelako erremateekin gozoagoa izaten da hurrengo eguneko hanketako mina. 230 kilometro egin ondoren, hanka zuztarrak gogor eginda edukiko dituztelako denek.
Farrarrek bi etapa irabazi ditu dagoeneko aurtengo Italiako Giroan -atzokoaren aurretik, bigarren etapa ere irabazi zuen, Utrechten, Herbehereetan-. Andre Greipel alemaniarraren (Columbia) sasoi puntu makala kontuan hartuta, gainera, argi samar geratzen ari da bera dela Giroko txirrindularirik azkarrena. Ondo bidean, maiatzaren 30era arte nagusitasun hori berresteko beste bizpahiru aukera izango ditu oraindik.
Esprinterren izen dezente egon arren, irabazteko gaitasuna daukan txirrindulari gutxi dago aurten Giroan, eta atzo ere tropelean zalantzaren bat edo beste sortzen saiatu ziren hiru lagun. Dario Cataldok (Quick Step), Hubert Dupontek (Ag2r) eta Charles Wegeliusek (Omega Pharma-Lotto) 11. kilometroan ihes egin zuten tropeletik, eta ia zortzi minuturen aldea ere lortu zuten. Aurrean makal antzean, eta atzean ere antzera. 35 kilometro egin zituzten lehen ordubetean. Ordurako argi zegoena are argiago utzi zuen Columbiak berehala. Tropelean lanean hasi ziren Greipelen taldekideak, baina Bitonton, beste behin ere, tonto aurpegiarekin geratu zen alemaniarra.
Luzea eta gogorra gaurkoa
262 kilometro gorabeheratsu egin beharko dituzte gaur txirrindulariek Italiako Giroko 11. etapan. Luceran hasiko da etapa, 10:15ean, eta L'Aquilan amaituko da, 17:20 aldera. Rionero Sannitico lehen mailako mendatea igoko dute lehenengo, eta Roccaraso eta Capo di Valle bigarren mailakoak gero. Iazko apirilaren 9an lurrikarak kaltetutako herriari keinua egingo dio gaurko etapa amaierak.
Sailkapenak
HAMARGARREN ETAPA1. Tyler Farrar (Garmin) 5.49.14
2. Fabio Sabatini (Liquigas) d.b.
3. Julian Dean (Garmin) d.b.
4. Robbie McEwen (Katuxa) d.b.
5. Robert Forster (Milram) d.b.
6. Sebastien Hinault (Ag2r) d.b.
7. Andre Greipel (Columbia) d.b.
8. Danilo Hondo (Lampre) d.b.
9. Leonardo Duque (Cofidis) d.b.
10. Mathew Hayman (Sky) 3ra
61. Iban Maioz (Footon) d.b.
110. Xabier Zandio (Caisse) d.b.
NAGUSIA
1. Aleksandr Vinokurov (Ast.) 38.58.57
2. Cadel Evans (BMC) 1.12ra
3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 1.33ra
4. Ivan Basso (Liquigas) 1.51ra
5. Marco Pinotti (Columbia) 2.17ra
6. Richie Porte (Saxo Bank) 2.26ra
7. Vladimir Karpets (Katuxa) 2.34ra
8. Stefano Garzelli (Acqua&S.) 2.47ra
9. Damiano Cunego (Lampre) 3.08ra
10. Michele Scarponi (Androni) 3.09ra
34. Iban Maioz (Footon) 18.38ra
84. Xabier Zandio (Caisse) 49.18ra