Indarrak ondo neurtuta, bigarren zati bikaina egin zuen Liquigasek -Skyri 43 segundo atera zizkion azken hamabost kilometroetan-, eta lan on horri esker jantzi zuen Nibalik maglia arrosa. Astanak, berriz, gehiegi estutu zuen Gorazd Stangelj, eta azken 800 metroetan Vinokuroven erritmoari jarraitu ezinik geratu zen esloveniarra. Bera zen taldeko bosgarren txirrindularia, eta bere zain geratu behar izan zuten taldekideek. Segundo ederrak galdu zituen azken metro horietan Astanak. Besoa altxatuta, haserre zegoen Vinokurov, baina berak estutu zuen gehiegi taldekidea. Eta taldea zen atzoko etaparen oinarria.
Liquigasek taldeko bederatzi txirrindulariei eusteko apustu arriskutsua egin zuen. Arriskutsua, bederatzigarren txirrindulariak markatzen duelako taldearen ahalmenaren muga, eta horrek erritmoa makaldu egiten duelako, derrigor. Baina errentagarria ere bai, txirrindulari bakoitzak, erreleboa eman ondoren, atseden hartzeko tarte luzeagoa izaten duelako. Apustu horrek amaiera aldera estutzeko aukera ematen du.
Skyrena zen denborarik onena 17,9. kilometroan, euripean. Tarteka eguzkia, gero ekaitza... Eta Sky hegan. 19.31 minutu. Lau segundora Katuxa, 24ra Omega Pharma-Lotto, 29ra Cervelo, 30era Liquigas, eta 34ra Columbia eta Astana. Sky eta Katuxaren artean zegoen lehia. Etapa eta maglia arrosa, Vladimir Karpets (Katuxa) Vinokurovengandik hamazazpi segundora zegoelako sailkapen nagusian. Baina Liquigasek neurtu zituen ondoen indarrak azken zatian. Edo Liquigasek asmatu zuen ondoen eguraldi aldaketa baliatzen.
Izan ere, helmugara iritsi ziren azken hamar taldeek egin zuten bigarren zatirik onena. Esanguratsua da hori. Tarte horretan Liquigas izan zen onena (16.36), hamazazpi segundo gehiago behar izan zituen Columbiak, hemezortzi gehiago Milramek, 26 gehiago Rabobankek, 33 gehiago Saxo Bankek, 34 gehiago Astanak, 36 gehiago Garminek...
Erlojupeko ona egin zuen Cervelok, eta Sastre 2.13 minutura dago orain sailkapen nagusian. Vinokurov 33 segundora geratu da, Cadel Evans (BMC) 1.59ra, Michelle Scarponi (Androni) 2.35era, Stefano Garzelli (Acqua&Sapone) 2.49ra... Novara eta Novi Ligure artean 162 kilometroko etapa izango dute gaur. Fausto Coppi zena izango dute gogoan.
Sailkapenak
LAUGARREN ETAPA1. Liquigas-Doimo 36.37
2. Sky 13ra
3. Columbia 21era
4. Katuxa 27ra
5. Astana 38ra
6. Cervelo d.b.
7. Omega Pharma-Lotto 46ra
8. Garmin 49ra
14. Footon-Servetto 2.03ra
18. Caisse d'Epargne 2.21era
22. Ag2R-La Mondiale 2.50era
NAGUSIA
1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 10.44.00
2. Ivan Basso (Liquigas) 13ra
3. Valerio Agnoli (Liquigas) 20ra
4. Matthew Harley Goss (Colum.) 26ra
5. Andre Greipel (Columbia) d.b.
6. Aleksandr Vinokurov (Astana) 33ra
7. Vladimir Karpets (Katuxa) 39ra
8. Richie Porte (Saxo Bank) 45era
9. David Millar (Garmin) d.b.
10. Paolo Tiralongo (Astana) 59ra
108. Iban Maioz (Footon) 11.18ra
156. Xabier Zandio (Caisse) 13.34ra