TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Giroa astindu du L'Aquilak

Iazko lurrikaran kaltetu zen herrian Eugeni Petrov errusiarrak irabazi du etapa, eta Richie Porte australiarra jarri da lider. 56 txirrindularik osatutako ihesaldi batek Italiako Giroko sailkapen nagusia irauli du

mikel rodriguez
2010eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Luzerna eta L'Aquila artean, 262 kilometro luze zituen atzoko etapak, eta hiru mendate tartean. Etapa gogorra izatea espero zuten txirrindulariek, eta euriak are gehiago gogortu zuen. Inor gutxik espero zuen, ordea, L'Aquilan, iazko lurrikaran kaltetutako herrian, Giroak halako astindurik hartuko zuenik. 56 txirrindularik tropela hautsi, eta haietako gehienak helmugaraino ailegatu ziren, hamabi minututik goitiko aldearekin. Etapa Eugeni Petrovek (Katuxa) irabazi zuen, eta Richie Porte (Saxo Bank) da orain liderra. Gainera, David Arroyo (Caisse d'Epargne), Carlos Sastre (Cervelo) eta Bradley Wiggins (Sky) berpiztu egin dira, eta aurkari arriskutsuak izango dira ustez Giroa irabazteko faborito zirenentzat. Iban Maioz ere (Footon-Servetto) talde horretan sartu zen, eta 25. postuan dago orain sailkapen nagusian, Porterengandik 16.14 minutura.

Ez dira maiz gertatzen hiru asteko itzuli bat baldintza dezaketen ihesaldiak. Azken urteetako sonatuenak 2001eko eta 2006ko Frantziako Tourrekoak dira. Aurrenekoan, Andrei Kivilevek eta Francois Simonek sailkapeneko lehen hamarren artean bukatu zuten horrelako ihesaldi bati esker, eta bigarrenean Oscar Pereirok Tourra irabazi zuen -horregatik, eta Floyd Landisen kaleratzeagatik-. Atzo gertatutakoak tankera bertsua hartu du.

Iheslariak kontrolatu ezinik

37. kilometroan 56 txirrindularik ihes egin zuten. Ihes egin baino gehiago, tropelaren mutur bat banatu zen. Iheslarien artean, Porte zegoen sailkapen nagusian hobekien kokatuta: seigarren, Aleksandr Vinokurov liderrarengandik (Astana) 2.26 minutura. Baina iheskideen artean ere ez zeuden nolanahiko txirrindulariak: aitzineko etapetan denbora galdutako faborito asko zeuden multzo horretan -Wiggins, Sastre, Arroyo eta Xavier Tondo (Cervelo)-, jada etapa bat irabazitakoak -Chris Sorensen (Saxo Bank), Matthew Goss (Columbia), Matthew Lloyd (Omega Pharma-Lotto) eta Jerome Pineau (Quick Step)- eta etapa ehiztari eta txirrindulari ezagunak -Petrov, David Millar (Garmin), Aleksander Efimkin (Quick Step), Linus Gerdemann (Milram), Domenico Pozzovivo (Colnago), Thomas Voeckler (Bouygues) eta David Moncoutie (Cofidis), bertzeak bertze-.

Sailkapen nagusiko indartsuenen taldeek ihesaldia ez zuten kontrolatu hasieratik, eta 133. kilometroan alderik handiena lortu zuten aurreko 56 txirrindulariek, 17.53ko minutukoa. Lasterketaren azken txanpan Vinokurov eta Cadel Evans bera (BMC) ibili ziren tropeletik tiraka, baina beranduegi zen. Iheskideen arteko elkarlana helmugara iristeko zazpi kilometro falta zirela hautsi zen. Tiraldi erabakigarriena, baina, Petrovek eman zuen, bukatzeko kilometro bat falta zela, eta bakarrik helmugaratu zen. Haren gibeletik sartuz joan ziren sailkapen nagusiko lehen postuez jabetu diren txirrindulariak. Maioz, berriz, hamalaugarren izan zen.

Sastre gustura zegoen behin etapa amaituta. «Lasterketan sartu gara berriz ere. Uste baino gehiago eman du Giroko 11. etapak». Gustov eta Wyss taldekideen lana goratu zuen espainiarrak. «Ez daukat hitzik biek egin dutena azaltzeko». Arroyo, berriz, bigarren postuan jarri da sailkapen nagusian, eta espainiarrak adierazi zuen etorkizunean «2010eko Giroa markatu zuen etapa gisa» gogoratuko dela atzokoa. «Azkenaldian kontrol askoko txirrindularitza ari ginen ikusten, eta gaur [atzo] guztiz kontrakoa gertatu da».

Gaur hamabigarren etapa jokatuko dute, Citta Sant Angelo eta Porto Recanati artean -206 kilometro-. Nahiko ibilbide laua du, azken egunotako ahaleginak egin ondotik pitin bat suspertzeko egokia.

Sailkapenak

HAMAIKAGARREN ETAPA

1. Eugeni Petrov (Katuxa) 6.28.29

2. Dario Cataldo (Quick Step) 5era

3. Carlos Sastre (Cervelo) d.b.

4. Bradley Wiggins (Sky) 7ra

5. Aleksander Efimkin (Ag2r) d.b.

6. Linus Gerdemann (Milram) d.b.

7. Jerome Pineau (Quick Step) d.b.

8. David Arroyo (Ag2r) d.b.

9. Xavier Tondo (Cervelo) d.b.

10. Jan Bakelandts (Lotto) d.b.

14. Iban Maioz (Footon) 23ra

45. Michele Scarponi (Androni) 12.42ra

46. Damiano Cunego (Lampre) d.b.

53. Aleksandr Vinokurov (Ast.) 12.45era

115. Xabier Zandio (Caisse) 39.30era

NAGUSIA

1. Richie Porte (Saxo Bank) 45.30.26

2. David Arroyo (Caisse) 1.42ra

3. Robert Kiserlovski(Liquigas) 1.56ra

4. Xavier Tondo (Cervelo) 3.54ra

5. Valerio Agnoli (Liquigas) 4.41era

6. Aleksander Efimkin (Ag2r) 5.16ra

7. Linus Gerdemann (Milram) 5.34ra

8. Carlos Sastre (Cervelo) 7.09ra

9. Laurent Didier (Saxo Bank) 7.24ra

10. Bradley Wiggins (Sky) 8.14ra

12. Aleksandr Vinokurov (Ast.) 9.58ra

13. Cadel Evans (BMC) 11.10era

14. Vincenzo Nibali (Liquigas) 11.28ra

25. Iban Maioz (Footon) 16.14ra

97. Xabier Zandio (Caisse) 1.26.01era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.