Pineauren balentriak edo tropelak tarteka egiten dituen kalkulu hutsek. Normal-normala ere ez da Lampre, Columbia, Garmin, Sky, Milram eta Katuxa kilometro askoan tiraka aritu, eta lau laguneko ihesaldia bertan behera uzteko gai ez izatea. Taldekako erlojupeko gogorra izan zuten herenegun txirrindulariek, eta normala ere bada asko indarrez justu antzean ibiltzea. Baina Jerome Pineau (Quick Step), Julien Fouchard (Cofidis), Yukiya Arashiro (Bouygues Telecom) eta Paul Voss (Milram) ere ez ziren bete-betean egongo 18. kilometroan ihes egin zutenean -Voss atzean geratu zen gero, helmugara iristeko 25 kilometro falta zirenean-.
Elkarri txanda onak emanda, laukoteak azkar lortu zuen ia sei minuturen aldea, 46. kilometroan. Orduantxe hasi zen Lampre atzean lanean, Alessandro Petacchi esprinterra buruan zutela. Lampre, Liquigas, Garmin... Lanean lasai antzean arituta ere, 84. kilometrorako erraz jaitsi zuten aurreko lauren aldea hiru minutuko langatik. Kalkulu jolasean hasi ziren orduan. Erritmoa moteldu, berriz ere ia bost minutuko aldea hartzen utzi, eta helmugara iristeko 75 kilometro falta zirenean hasi zen tropela benetan lanean, Lampre buruan zela. Avolasca eta Castellania (Passo Coppi) gainak igarota, Vossek eskura zeukan mendiko maillota, eta, lehertuta, amore ematea erabaki zuen aurrean. Horixe zen egoera, aurrean hiru lagun, eta atzean tropela, ustez betiko kalkuluei bueltaka.
Lampre erabat nekatuta geratu zen; Garminek nahi zuen baina ez zuen erabateko ardurarik hartu nahi; Skyk azken estutua eman zion tropelari... Baina Arashiroren azken erritmo aldaketa bortitzak lagunduta, aurrean zegoen garaipena. Lau segundo. Besterik ez. Baina tropelaren kalkulagailua pilak gastatuta zegoen atzo. Esprinterrentzat tamalez, baina txirrindularitzarentzat zorionez.
Gaur seigarren etapa izango da jokoan. Fidenza eta Marina di Carrara artean 172 kilometro, eta tartean bigarren mailako bi mendate eta hirugarren mailako beste bat, azken hori helmugara iristeko 10,8 kilometro falta direnean.
Sailkapenak
BOSGARREN ETAPA1. Jerome Pineau (Quick Step) 3.45.59
2. Julien Fouchard (Cofidis) d.b.
3. Yukiya Arashiro (Bouygues) d.b.
4. Tyler Farrar (Garmin) 4ra
5. Gregory Henderson (Sky) d.b.
6. Alessandro Petacchi (Lampre) d.b.
7. Graeme Brown (Rabobank) d.b.
8. Andre Greipel (Columbia) d.b.
73. Iban Maioz (Footon) d.b.
175. Xabier Zandio (Caisse) 4.32ra
NAGUSIA
1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 14.30.03
2. Ivan Basso (Liquigas) 13ra
3. Valerio Agnoli (Liquigas) 20ra
4. Matthew Harley Goss (Colum.) 26ra
5. Andre Greipel (Columbia) d.b.
6. Aleksandr Vinokurov (Astana) 33ra
7. Vladimir Karpets (Katuxa) 39ra
8. Richie Porte (Saxo Bank) 45era
9. David Millar (Garmin) d.b.
103. Iban Maioz (Footon) 11.18ra
172. Xabier Zandio (Caisse) 18.02ra