Garzelli ikusi ere ez dut egin ia-ia paretik pasatu denean. Ni baino hiru minutu geroago irten da, baina hirugarren kilometrorako harrapatu eta pasatu egin nau. Ez dakit motor txiki batekin zihoan edo zer, baina oso-oso azkar zihoan. Gogorra izan da etapa, bizpahiru kilometro asfaltorik gabe baitzeuden. Baina ez dut uste gehiegizko etapa denik. Tropelean joanez gero, arazo handiak sortuko lirateke, baina erlojupekoa izanda, ez.
34x28, horixe izan da guk eraman dugun garapena, eta barkatuko didazue, baina Garzelliri begiratzeko denborarik ere ez dut eduki, eurak zer garapenekin zihoazen jakiteko. Horrelako erlojupekoetan norberak bere erritmoa hartu eta eustea izaten da onena. Eta horixe egiten saiatu naiz ni. Bete-betean irtenez gero, komeriak izaten dira gero gora iristeko. Eta ustez txukun ari nintzen, baina Garzellik pasatu nauenean gaizki pentsatzen hasi naiz.
Harekin zihoan motorrak pasatu nau lehenengo, eta bihurgune batean ikusi dut bazetorrela. Hasieran saiatu naiz eusten, baina kilometro bat eskas egin dut haren atzean jarrita. Berehala ikusi dut hori ez zela nire erritmoa. Pultsometroari begiratu eta minutuko 190 taupadatan nindoala ikusi dut. «Horrela ez haiz igoko eta lasaitu hadi», pentsatu dut. 176 taupadako batez bestekoa izaten dut normalean, eta pentsa 190era igo naizenean nola nindoan. Aurreko egunetan gaizki ibili da Garzelli, eta inork ez zuen espero hala ibiliko zenik. Baina, tira, Garzelli ez da edozein. Giro bat irabazita dauka, eta kalitate handia dago hanka zuztar horietan.
Bitxikeria gisa, helmugara iritsi eta han geneuzkan teleaulki itxiak, berehala jaisteko. Normalean luzeak izaten dira etapa amaitzen dugun lekutik hotelera egin beharreko bidaiak. Baina kasu honetan etapa amaitu, bizikleta eta guzti teleaulkian sartu, eta handik hamabost minutura hotelean geunden. Tarteka eskertzen dira horrelakoak ere.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. «Horrela ez haiz igoko!»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu