Taldeko lehen txirrindularia galdu dugu jada. Michele Merlo esprinterra minez zebilen aurretik ere, eta erori egin da berriz. Saiatu da altxatu eta jarraitzen, baina etxerako bidea hartu du azkenean. Eta Eros Capecchi bera ere erdi arrastaka dabil Herbehereetan erori zenetik. Berriz erori da, eta ez dabil bete-betean. Pena da, baina gainerakoek borrokan jarraitu beharra daukagu.
Dezente etapa luzea geneukan seigarrena, 172 kilometrokoa, eta goizean zikloturista martxa prestatu digute hoteletik irteeraraino. Ia 20 kilometro egin ditugu Lottoko txirrindulariekin batera, atzetik zikloturistak eta umeak genituela. 'Gero ere ez ditiagu ba nahikoa kilometro egingo', pentsatu dut neurekiko. Egin beharreko kontuak izango dira agian, baina ia 200 kilometro egin behar izan ditugu denera, eta ez dakit ba...
Giroan, gainera, normalean leku batetik besterako aldaketak luzeak izaten dira. Tourra ez dut ezagutzen, eta Vueltan ere behin bakarrik ibili naiz. Baina Giroan kilometro gehiago egin behar izaten dira etapa amaitzen den lekutik hotelera eta hoteletik irteerara. Askotan bi orduko bidaiak ere bai. Eta, noski, ondoren ez da oso atsegina izaten zikloturisten martxa bat jartzea.
Oraingoz, hala ere, ordu asko lo egiten ari garela esan daiteke. Ni 9-10 ordu lo egiten saiatzen naiz egunero. 11:00 alderako ohera joan, eta 09:00 aldera arte lo seko. Egun batzuetan ez dago hainbeste lo egiterik, baina egun hauetan ahalik eta gehien aprobetxatu beharra dago, bestelako kontuak ere izango ditugulako gero ere. Aurreko taldeetan masajistaren bat pasatzen zen gelatik txirrindulariak esnatzera, baina talde honetan norberak jarri behar izaten du iratzargailua. Nahiko sistema arriskutsua iruditzen zait, baina pentsatzen dut norbait gosaltzera azaltzen ez bada bere bila joango direla. Ez probatzea hobe, hala ere.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Iratzargailua jarrita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu