TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Isiltasunari irribarre bat eskaini dio

'Puerto auzia' dela-eta bi urteko zigorra beteta, garaipen handia lortu zuen herenegun Ivan Bassok Zoncolanen. Txirrindularitzak bigarren aukera eman dio, eta ez dio berriz huts egin nahi.

unai zubeldia
Donostia
2010eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Infernuan bezala nago, bakarrik, bazterrean. Isiltasunean ari naiz lanean». Ivan Bassoren (Gallarate, Italia, 1977) hitzak dira horiek. 2008ko otsailaren 16koak. Hanka sartu zuenetik, egun hartan ireki zion etxeko atea, lehen aldiz, kazetari bati. Orduan askatu zuen barrua. «Infernuan nago, baina ez dut gutxiago merezi». Lance Armstrongen (RadioShack) oinordekoa zen askorentzat Basso. Baina 2006an hanka sartu zuen. Puerto auzian agertu zen haren izena, eta 2007ko otsailean onartu zuen delitua. Erruduna zela, baietz, irrist egin zuela. Baina itzuliko zela. Barkamena eskatu zion bere buruari. Barkamena txirrindularitzari. «Azken bi urteak kaxa batean sartu ditut. Giltza batekin itxi dut kaxa hori, eta ez dut ireki nahi».

Isiltasunean hustuta sentitu zen italiarra bi urtez, eta isiltasun hartan bertan hustu nahi izan zuen orain bi urte lotsaren kaxa. Itzuli zen, hasi zen burua altxatzen, irabazi zuen iazko Trentinoko Giroa, irabazi berri du 2010eko Italiako Giroko laugarren etapa, taldekako erlojupekoa. Baina isiltasunari irribarre bat eskaintzea falta zitzaion. Aurkariei kolpe bat ematea. Izan zen Basso hura itzuli dela erakustea. Legez. Zintzo.

Italiarrak lehenik gezurretan eta ondoren infernuan igaro ditu azken hiruzpalau urteak, eta Europako infernurik handienetako batean egin dio keinua iraganari. Zoncolan handian gora iraganeko kaxa beltz bakoitza itxiz joan zen. Aurkari bakoitza atzean geratu ahala, irribarre txiki bat egiten zion isiltasunari. Antolatzaileen arabera, 150.000 zale sutsu zeuden herenegun Zoncolango errepide bazterrean, berotuta, garrasika, oihuka. Baina Basso isilik. Azken bi urteetan bezala.

Richie Porte (Saxo Bank), David Arroyo (Caisse d'Epargne), Carlos Sastre (Cervelo), Vincenzo Nibali (Liquigas), Damiano Cunego (Lampre), Aleksandr Vinokurov (Astana), Marco Pinotti (Columbia), Michele Scarponi (Androni), Cadel Evans (BMC)... Tantaka-tantaka, denak gurpiletik kanpora. Sufrimenduaren izenean, isiltasunari irribarrea eskaini zion Bassok pedalkada bakoitzean. Liquigas taldeko italiarra ez da sentimenduak azaleratu zalea. Baina amorrua azaleratzea erabaki du orain.

Bassok 1.19 minutu atera zizkion Evansi azken lau kilometroetan; 1.31 Scarponiri; 1.58 Cunegori; 2.26 Vinokurovi; 2.44 Sastreri... Hirugarren jarri da sailkapen nagusian, Arroyo eta Porte gonbidatuen atzetik. Kaxa beltzak iraganean hustuta, geroz eta gertuago dauka 2006ko balentria. Italiako Giroko hiru etapa eta itzulia irabazi zituen orduan; etapa bat eta erdi -taldekakoa-, eta hirugarren postua dauzka oraingoz eskura. «Infernuan bezala» egon da, «bakarrik», baina itzuli da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.