TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Jo beharrean lo, eta gero jo

Filippo Pozzatok irabazi du Giroko 12. etapa, hirugarren mailako mendatean sortutako hamar laguneko taldean azkarrena izanda

unai zubeldia
2010eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Txirrindulari berezia da Cadel Evans australiarra (BMC). On-ona da, gutxi bezalakoa, baina huts larriak egiten ditu tarteka. Herenegun ez zen berea bakarrik izan hutsa, tropelak 56 laguneko taldetxoari hemezortzi minuturen aldea hartzen utzi zionean. Baina berea ere izan zen hutsa. Eta atzo, itxuraz ezer askorik ez zeukan etapan -Citta San Angelo eta Porto Recanti artean 191 kilometro eta tartean hirugarren mailako bi mendate-, lo geratu zen helmugarako hamabi kilometro falta zirela zegoen hirugarren mailako mendate etzanean, Potenza Picenan. Stefano Garzelli (Acqua&Sapone), Aleksandr Vinokurov (Astana), Michele Scarponi (Androni), Vincenzo Nibali, Ivan Basso (Liquigas), Damiano Cunego (Lampre)... Giroa irabazteko faboritoetako asko aurrera, su batean, eta australiarra lo, garrantzirik gabeko erasoak zirelakoan.

Behin eguneko ihesaldia harrapatuta -Rick Flens (Rabobank), Olivier Kaisen (Omega Pharma-Lotto) eta Juri Krivtsov (Ag2r) sartu ziren ihesaldi horretan-, hamabi laguneko taldetxo bat sortu zen aurrean. Talde horretan ez zegoen ez Richie Porte liderra (Saxo Bank), ez David Arroyo (Caisse d'Epargne), ez Xavier Tondo eta Carlos Sastre (Cervelo), ez Linus Gerdemann (Milram), ez Bradley Wiggins (Sky)... Baina Evans zen kaltetu nagusia. Beste behin ere. Mugitzen hasterako 10-15 segundoren aldea zeukan aurreko taldetxoak, eta helmugara iristeko bost kilometro falta zirela 21 segundora ere igo zen aldea... Eta munduko txapelduna urduritu egin zen.

Cadel Evans mutur joka

Horrelakoetan ohikoa -eta itsusia- izaten da tropelaren abiadura moteltzeko, ihes eginda doazenen taldekideren bat tropelean tiraka ari den taldea trabatu nahian hastea. Eta horretan hasi ziren, besteak beste, Lampre, Katuxa eta Liquigas, Cunego, Pozzato, Pineau, Nibali eta Bassoren mesedetan. Evans haserretu egin zen jarrera horrekin, eta bultzaka eta mutur joka hasi zen, besteak beste, Daniele Rigghirekin (Lampre) eta Katuxako beste txirrindulari batekin. Jo behar zuenean lo geratu zen, eta behar ez zuenean hasi zen joka.

Bitartean, aurrean txanda onak ematen ari ziren, eta hamar segundoren aldetxoarekin iritsi ziren azken metroetara. Vinokurovek eta Nibalik jo zuten lehen kolpea, azken zuzengunean metro batzuk hartuta. Baina Pozzato zen taldetxo horretako txirrindularirik azkarrena, eta Thomas Voecklerrek (Bouygues) dezente estutu bazuen ere, Italiako txapeldunak Giroko lehen garaipena eman zien italiarrei. Porto Recanti eta Cesenatico artean, 223 kilometro egin beharko dituzte gaur.



Sailkapena

HAMABIGARREN ETAPA

1. Filippo Pozzato (Katuxa) 5.15.50

2. Thomas Voeckler (Bouygues) d.b.

3. Jerome Pineau (Quick Step) d.b.

4. Stefano Garzelli (Acqua&Sap.) 7ra

5. Aleksandre Vinokurov (Ast.) d.b.

6. Vincenzo Nibali (Liquigas)d.b.

7. Marco Pinotti (Columbia) d.b.

8. Michele Scarponi (Androni) d.b.

9. Damiano Cunego (Lampre) d.b.

10. Ivan Basso (Liquigas) d.b.

11. Robbie McEwen (Katuxa) 10era

29. Cadel Evans (BMC) d.b.

35. Iban Maioz (Footon) d.b.

75. Xabier Zandio (Caisse) 24ra

NAGUSIA

1. Richie Porte (Saxo Bank) 50.46.16

2. David Arroyo (Caisse) 1.42ra

3. Robert Kiserlovski(Liquigas) 1.56ra

4. Xavier Tondo (Cervelo) 3.54ra

5. Valerio Agnoli (Liquigas) 4.41era

6. Alexander Efimkin (Ag2r) 5.16ra

7. Linus Gerdemann (Milram) 5.34ra

8. Carlos Sastre (Cervelo) 7.09ra

9. Laurent Didier (Saxo Bank) 7.24ra

10. Bradley Wiggins (Sky) 8.14ra

25. Iban Maioz (Footon) 16.14ra

95. Xabier Zandio (Caisse) 1.26.15era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.