TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Lanerako motibazioa

Matthew Lloyd australiarrak irabazi du Giroko seigarren etapa, azken mendate motz baina gogorrean iheskidea atzean utzita. Tropela ez da gai ihesaldiak kontrolatzeko, eta, bigarrenez, iheslariak helmugara iritsi dira

unai zubeldia
2010eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Txirrindulari askok onartzen dute taldeburuen alde lan eginez gozatu egiten dutela; ez dutela behar etapa garaipenik. Badakitela zertarako gai diren, eta taldeburuaren garaipenaren zati bat eurena balitz bezala gozatzen dutela. Txirrindularitzan ere ezkutuan geratzen da gehienetan itzalean egindako lana. Mortirolo gainean nork irabazi duen, horrek bakarrik balio du. Mortiroloko lehen maldetan nork lan egin duen, horrek berdin dio. Baina taldeburuak zalaparta gutxi sortuko du itzaleko lanik gabe. Eta horretan onenen pare ibiltzen da Matthew Lloyd australiarra (Omega Pharma-Lotto), iaz arte Cadel Evans herrikidearen taldekidea zena. Punta-puntakoa izan gabe ere, igotzaile fina da, eta bere egingo zituen, ziurrenik, taldeburuen garaipenetako batzuk. Ezkutuko lan horretan isil-isilik lanean jarraitzeko motibazio ukendua jaso zuen atzo australiarrak, Italiako Giroko seigarren etapa irabazita.

Etapa gorabeheratsua zen atzokoa, esprinterren taldeek kontrolatzeko zaila, eta tropelean hasieratik antzeman zen erasorako gogoa. Ahalegin asko izan zen lehen ordubetean -tartean Xabier Zandio ere saiatu zen-, baina 45. kilometroan hasi zen gorpuzten eguneko ihesaldia. Rubens Bertogliatik (Androni) eta Matthew Lloydek (Omega Pharma-Lotto) ihes egin zuten, eta azkar lortu zuten lau minututik gorako aldea. Mikhail Ignatiev (Katuxa) eta Juri Krivtxov (Ag2r) saiatu ziren kontraerasoan aurreko biekin bat egiten, baina ahalegina besterik ez zen izan hori.

Liquigas atzean tiraka, aurrean Bertogliati eta Lloyd txandak emanez, eta Paolo Tiralongo (Astana) eta Guillaume Bonnafond (Ag2r) lurretik bueltan. Kolpe gogorra hartu zuten biek, eta anbulantzian eraman zituzten ospitalera. Aurretik ere izan zen beste erorketa bat, eta tartean ziren Domenico Pozzovivo (Colnago), Eros Capecchi eta Michele Merlo (Footon-Servetto). Azken horrek etxerako bidea hartu behar izan zuen, erorketaren ondorioz.

Azken mendatean zalaparta

Spolverina bigarren mailako mendatea zeukaten zain helmugarako 40 kilometro falta zirenean, eta hor sortu zen zalaparta. Sergei Klimovek (Katuxa) jo zuen erasoa errepidea tentetzearekin batera, eta bost laguneko taldetxoa sortu zen atzean: Klimov eta Eugeni Petrov (Katuxa), Cayetano Sarmiento (Acqua&Sapone), Matteo Bono (Lampre) eta Johann Tschopp (Bouygues Telecom). Atzean ezinegona sortu zuen eraso horrek, eta Alessandro Petacchi ere (Lampre) saiatu zen tropeletik ihes egiten. Baina Beddizzano hirugarren mailako mendatetik bakar-bakarrik igarota, eskura zeukan garaipena Lloydek. Igoerako azken kilometro eta erdian ito zuen australiarrak Bertogliati, eta garaipena nola ospatu pentsatuz egin zituen azken hamar kilometroak.

Garaipena ospatzeko indar askorik gabe iritsi zen Lloyd helmugara, eta garaipenik gabeko ospakizunetan murgildu zen Danilo Hondo (Lampre) tropelean, etapa berea zela sinetsita. Carrara eta Montalcino artean, 222 kilometroko etapa zaila daukate gaur.

Sailkapenak

SEIGARREN ETAPA

1. Matthew Lloyd (Lotto) 4.24.20

2. Rubens Bertogliati (Androni) 1.06ra

3. Danilo Hondo (Lampre) 1.15era

4. Manuel Belletti (Colnago) d.b.

5. Filippo Pozzato (Katusha) d.b.

6. William Bonnet (Bouygues) d.b.

7. Sacha Modolo (Colnago) d.b.

8. Vasil Kirienka (Caisse) d.b.

9. Alexander Efimkin (Ag2r) d.b.

10. Baden Cooke (Saxo Bank) d.b.

40. Iban Maioz (Footon) d.b.

71. Xabier Zandio (Caisse) d.b.

NAGUSIA

1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 18.55.38

2. Ivan Basso (Liquigas) 13ra

3. Valerio Agnoli (Liquigas) 20ra

4. Aleksandr Vinokurov (Astana) 33ra

5. Vladimir Karpets (Katuxa) 39ra

6. Richie Porte (Saxo Bank) 45era

7. David Millar (Garmin) d.b.

8. Baden Cooke (Saxo Bank) 1.03ra

9. Linus Gerdemann (Milram) 1.04ra

10. Laurent Didier (Saxo Bank) 1.13ra

63. Iban Maioz (Footon) 11.18ra

115. Xabier Zandio (Caisse) 18.02ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.