Dutxa ederra hartuta hasi dugu erlojupekoa! Irteeran nabari zen ekaitza lehertzeko zorian zegoela, eta hasi eta ehun metrora izugarrizko euri zaparrada hasi du. Lehenengo bizpahiru kilometroetan errepidea ikusi ere ez zen egiten, eta lotsagarri geldituko ginela pentsatu dut orduan. Baina helmugara iritsi garenean ordura arteko denborarik onena egin dugula ikusi dugu, eta nahiko txukun ibili garela esan daiteke. Berehala geratu gara, gainera, bost txirrindularirekin, eta arriskutsua da hori.
Erlojupekorako ez geneukan taktika berezirik, erritmo bat hartu eta irautea zen asmoa. Bost taldekide aritu gara erreleboak ematen, eta seigarrena gurpilari pega-pega eginda joan da azken bost kilometroetan sartu arte, norbaiti zerbait gertatuz gero, bera izan zedin bosgarrena. Michele Merlo zen seigarren txirrindulari hori, eta gu ez, baina bera ondo joan da atzean, babesean! Ni ezin nintzen askoz azkarrago joan, baina gustura ibili naiz, kontuan hartuta ibilbidea niretzat ez zela oso aproposa.
Bestela egunak ez du aparteko sekreturik eduki. Goizean gosaldu eta ez dugu entrenamendurik egin. Eta bazkaldu ondoren 13:00 aldera joan gara irteerara. Arrabolan berotu beharrean, ordea, bizikleta gainean egin ditugu azken 30 kilometroak. Autobusean sartu garenean 30 minutu eskas falta ziren irteteko, arrabolan izerdi pixka bat atera, eta horrela hasi dugu etapa.
Eta, tira, lehen lau etapa arraro hauek ahaztuta, benetako Giroa hastear dagoela esan daiteke. Guretzat orain hasiko da Giroa. Ez da lan erraza izango, baina ni ere egunero saiatuko naiz ihesaldietan sartzen. Nibalik hartu du liderraren maillota, eta Italian saiatuko dira Nibali-Basso bikotearekin zalaparta sortzen. Baina mendate bakar bat ere ez dugu igo orain arte, eta oraindik ez dago gauza handirik esaterik. Hemen gustatzen zaie eztabaida horiek sortzea, baina ez dut uste euren artean aparteko arazorik daukatenik.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Merlo bai ondo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu