TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Neurriz kanpoko neurrian

Stefano Garzelli italiarrak irabazi du Plan de Coronesko kronoigoera, eta David Arroyo espainiarrak sendo eutsi dio maglia arrosari

unai zubeldia
2010eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Orain bi urte zazpigarren postuan amaituko zuen Stefano Garzellik (Acqua&Sapone) Plan de Coronesko erlojupekoa, Franco Pellizottirengandik (Liquigas) minutu eta bi segundora. Emanuelle Sella (Navigare), Gilberto Simoni (Diquigiovanni), Alberto Contador (Astana), Ricardo Ricco (Saunier Duval) eta Jose Rujano (Caisse d'Epargne) aurretik izango zituen. Ibilbidea berbera, eguraldia antzekoa edo hobea, igoeraren ezagutza nabarmen hobea... Eta denbora, 1.02 minutu kaskarragoa. Datu zehatza da hori. Txirrindularitzaren maila erabat apaldu ez bada, behintzat, orain bi urtekoa neurriz kanpokoa izan zela pentsa liteke. Orduko txirrindulariak neurriz kanpoko neurrian ibili zirela pentsa liteke.

Baina atzokoa ere neurriz kanpokoa izan zela pentsatzeko datuak badaude. Orain bi urteko denborak zehatzak diren maila berean da zehatza Garzelliren atzo arteko sailkapena: italiarra 24. postuan iritsi zen atzoko etapara, David Arroyorengandik (Caisse d'Epargne) ia 33 minutura. Aurtengo Giroan aldapa tentetu den bakoitzean herren egin du, eta, egiari zor, harrigarria izan zen atzoko erakustaldia. Aurreko hamabost etapetan indarrak gordetzea bat baita, eta kronoigoera gogorrean Cadel Evansi (BMC) 42 segundo ateratzea bestea. Neurriz kanpokoa izan zen atzokoa; neurriz kanpoko ikuskizuna eta neurriz kanpoko erakustaldia.

Uztailean 37 urte beteko ditu Vareseko txirrindulari txikiak. 2000. urtetik, Giroa poltsikoratu zuenetik, zimur bat baino gehiago azaldu zaio aurpegian. Baina zimur horiek esperientziaren zimurrak direla erakutsi zuen atzo. Hirugarren denbora egin zuen 7,6. kilometroan, Evansengandik hamabi segundora. Baina azken bost kilometroetan 50 segundo atera zizkion Vincenzo Nibaliri (Liquigas), 54 Evansi, 1.04 minutu Ivan Bassori (Liquigas)... Arroyok ere oso lan duina eginda eutsi zion maglia arrosari, indarrak ondo neurtuta, eta Carlos Sastrek (Cervelo), berriz, pot egin zuen. Peio Terme mendatean amaituko da gaurko etapa.



Sailkapenak

HAMASEIGARREN ETAPA

1. Stefano Garzelli (Acqua&Sa.) 41.28

2. Cadel Evans (BMC) 42ra

3. John Gadret (Ag2r) 54ra

4. Vincenzo Nibali (Liquigas) 1.01era

5. Michele Scarponi (Androni) 1.07ra

6. Ivan Basso (Liquigas) 1.10era

8. Aleksandr Vinokurov (Astana) 1.37ra

14. Damiano Cunego (Lampre) 2.10era

16. David Arroyo (Caisse) 2.16ra

19. Carlos Sastre (Cervelo) 2.31ra

42. Xabier Zandio (Caisse) 3.54ra

94. Iban Maioz (Footon) 5.44ra

NAGUSIA

1. David Arroyo (Caisse) 68.32.26

2. Ivan Basso (Liquigas) 2.27ra

3. Richie Porte (Saxo Bank) 2.36ra

4. Cadel Evans (BMC) 3.09ra

5. Carlos Sastre (Cervelo) 4.36ra

6. Vincenzo Nibali (Liquigas) 4.53ra

7. Aleksandr Vinokurov (Astana) 5.12ra

8. Michele Scarponi (Androni) 5.25era

9. Robert Kiserlovski (Liquigas) 8.57ra

10. Damiano Cunego (Lampre) 9.13ra

27. Iban Maioz (Footon) 36.35era

73. Xabier Zandio (Caisse) 1.46.33ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.