TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Orekaren muga-mugan

Damien Monier frantziarrak irabazi du Italiako Giroko 17. etapa, Peio Terme etzanean Hondo eta Kruijswijk atzean utzita

unai zubeldia
2010eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ez zuen nahi bezain azkar igaro Peio Termeko helmuga marra. Pultsometroari begiratzeko indarrik ere ez zuen izango ziurrenik, baina goiko muturrean izango zituen zenbakiak. Ahoa zabal-zabal eginda zeukala, orekaren muga-mugan eskuin besoa larri antzean altxatu, eta lurrean eserita ospatu zuen atzo Damien Monier frantziarrak (Cofidis) Giroko 17. etapako garaipena, kirol ibilbideko estreinakoa. Pistan zailduta, 2004an eman zuen Monierrek errepiderako pausoa. Baina zazpi denboraldiotan ezer irabazi gabe egon da. Pistan bai, pistan bi aldiz izan da Frantziako txapeldun, jazarpen proban. Baina errepidean aldapa topatu izan du ordekarik handienean ere.

Atzoko etapa zail-zaila izan gabe ere, Passo delle Palade lehen mailako mendate luzea igo beharra zeukaten lehenengo, eta Peio Terme etzana gero, helmugara bidean. Txirrindulari osoentzat zen aproposa etapa, igotzaile onentzat. Baina pistardak eta esprinterrak ere sartu ziren hemeretzi txirrindulariko ihesaldian. Leonardo Duque (Cofidis), Danilo Hondo (Lampre), Mikhail Ignatiev (Katuxa) eta Monier bera, esaterako. Aleksandr Efimkin (Ag2r) zen ihesaldiko txirrindularirik arriskutsuena, 16. postuan zegoelako, David Arroyorengandik (Caisse d'Epargne) 18.57 minutura. Baina liderraren taldeak estutu gabe kontrolatu zituen iheslariak, aurrekoen aldeari 10-11 minutuko langan eutsita.

Peio Terme igotzen hasterako zalaparta sortu zen iheslarien artean, eta Steven Kruijswijk (Rabobank), Danilo Hondo (Lampre) eta Monier bera joan ziren aurrera. Hiru kilometro falta zirela jo zuen frantziarrak azken eraso zitala. Hustu egin zen 1.88 metroko morroskoa, orekaren muga-mugan lanak izan zituen bizikletatik jaisteko, baina betiko gogoan edukiko du lehen garaipena.



Sailkapenak

HAMAZAZPIGARREN ETAPA

1. Damien Monier (Cofidis) 4.29.19

2. Danilo Hondo (Lampre) 36ra

3. Steven Kruijswijk (Rabobank) 39ra

4. Dani Moreno (Lotto) 1.05era

5. Steven Cummings (Sky) 1.18ra

7. Aleksandr Efimkin (Ag2r) 1.55era

19. Michele Scarponi (Androni) 9.52ra

20. Ivan Basso (Liquigas) 9.53ra

22. David Arroyo (Caisse) d.b.

42. Xabier Zandio (Caisse) 10.58ra

45. Iban Maioz (Footon) 11.18ra

NAGUSIA

1. David Arroyo (Caisse) 73.11.38

2. Ivan Basso (Liquigas) 2.27ra

3. Richie Porte (Saxo Bank) 2.44ra

4. Cadel Evans (BMC) 3.09ra

5. Carlos Sastre (Cervelo) 4.41era

6. Vincenzo Nibali (Liquigas) 4.53ra

7. Aleksandr Vinokurov (Astana) 5.12ra

8. Michele Scarponi (Androni) 5.24ra

28. Iban Maioz (Footon) 38.00ra

71. Xabier Zandio (Caisse) 1.47.38ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.