TXIRRINDULARITZA. 'Killer'-a eta hildakoak

Danilo di Lucak esprintean irabazi du mendiko aurreneko etapa, eta Thomas Lovkvist suediarra da liderra orain

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Spoltoreko Killerra, hiltzailea, deitzen diote Danilo di Lucari (LPR). Txirrindulari bizia delako, oldarkorra bizikleta gainean, irabazlea, eta, gainera, kontzentratuta dagoenean beldurra eragiten duen begirada duelako. Orain 33 urte jaio zen Spoltoren, Abruzzo (Italia) eskualde menditsuan; L'Aquilatik, iragan apirilaren 6an lurrikari bortitz batek ia 300 pertsona hil zituen tokitik, gertu. Gertaera hark lur jota utzi zuen Di Luca, eta hildakoen zein etxebitzarik gabe geratu ziren 60.000 pertsonen alde zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Hasteko, txirrindularitzarako bere materiala enkantean jarri du, lortutako dirua lurrikarak kaltetutakoei emateko. Alessandro Petacchi taldekideak ere gauza bera egin du. Gero, Forza Abruzzo (Aurrera Abruzzo) kanpainarekin bat egin du, eta, berak, propio, kanpaina bat abiarazi du: Giroko irteeretan eta helmugetan arrosa koloreko besoko batzuk saltzen dira euro batean, AbruzziAmo leloarekin. Eta atzo, azkenik, garaipena eskaini zien abruzzotar guztiei, Corsa Rosa-ko laugarren etapan.

Bi besoak altxatu zituen bizikletako heldulekutik, eta eskuinekoa gorantz eramaten zuen bitartean, ezkerrekoa gurutzatu eta hatz erakuslea maillotera zuzendu zuen. Forza Abruzzo zeukan marraztuta, hain zuzen, Di Lucak. Bera izan zen azkarrena, San Martino di Castrozzako (1.466 metro) helmugan, mendiko aurreneko saioan, Dolomiten ekialdean. Halere, mendatea, luzea izan arren, etzana, etzanegia zen aldeak egiteko, eta faborito guztiak elkarrekin helmugaratu ziren. Hortaz, Thomas Lovkvist (Columbia) da lider orain.

Maglia arrosa jantzi du suediar batek, 38 urteren ondoren. Gosta Pettersson izan zen azkena, 1971n, lasterketa irabazi zuen urtean. Dena den, eta atzo ikusitakoaren arabera, faboritoek ez daukate lider izateko presarik. Izan ere, azken igoeran inor ez zen mugitu. Horregatik, 25 bat txirrindulariren artean jokatu zuten azkeneko esprinta.

Egia esan, mendatea ere ez zen alde handiak egiteko modukoa. 14 kilometro bai, baina batez besteko %6 eskaseko pendizarekin. Hor, oraindik ere, laugarren etapan, ezin da alde handiegirik egin. Jens Voigti (Team Saxo Bank) zaldiari, berriz, gutxi falta izan zitzaion, atzo ere, handia egiteko. 10. kilometroan alde egin zuen beste bost txirrindularirekin batera, eta helmugara heltzeko bi pasatxo falta zitzaizkionean harrapatu zuen tropeltxoak. LPRk, Liquigasek eta Acqua&Saponek lan egin zuten, batez ere, baina inor estuegi hartzeko asmorik gabe.

Saiatu zen alde egiten Maurico Soler (Barloworld), baina Di Lucak esprint luze bezain bortitza jo zuen, eta Killerrak hildakoei eskaini zien garaipena. Gaur etapa motza jokatuko dute, eta Alpe di Siusi (1.844 metro) mendate luzean bukatuko da. Azkeneko sei kilometroek %8,5eko batez besteko pendiza daukate.



Sailkapenak

LAUGARREN ETAPA

1. Danilo di Luca (LPR) 4.15.04

2. S. Garzelli (Acqua&Sapone) d.b.

3. Franco Pellizotti (Liquigas) d.b.

4. Mauricio Soler (Barloworld) d.b.

5. Gilberto Simoni (Diquigiovanni) d.b.

6. Levi Leipheimer (Astana) d.b.

7. Thomas Lovkvist (Columbia) d.b.

8. Ivan Basso (Liquigas) d.b.

41. D. Lopez (Caisse d'Epargne) 51ra

87. Iker Camaño ( Fuji-Servetto) 6.47ra

97. Iban Maioz (Xacobeo) 8.45era

129. P. Horrillo (Rabobank) 19.50era

NAGUSIA

1. T. Lovkvist (Columbia) 13.05.28

2. Danilo di Luca (LPR) 2ra

3. Michael Rogers (Columbia) 6ra

4. Yaroslav Popovitx (Astana) 26ra

5. Levi Leipheimer (Astana) d.b.

6. Lance Armstrong (Astana) 28ra

7. Franco Pellizotti (Liquigas) 32ra

8. Damiano Cunego (Lampre) 42ra

50. David Lopez (Caisse) 4.18ra

84. I. Camaño (Fuji-Servetto) 10.02ra

87. Iban Maioz (Xacobeo) 11.42ra

166. Pedro Horrillo (Rabobank) 27.18ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.