Pedro Horrillori ebakuntza egin zioten herenegun, izterrezurrean eta belaunburuan, eta egonkor jarraitzen du Bergamoko OspitaleBateratuak ospitalean (Italia). Medikuak txirrindulari ermuarra aztertzen ari dira, arnasketa artifiziala jarri diote, bere kabuz arnasa hartzeko zailtasunak dauzkalako, baina «baikorrak» dira. Gainera, kordean dago.
Joan den larunbatean erori zen Rabobankeko txirrindularia, Giroko zortzigarren etapan, Culmine San Pietro mendatea jaisten ari zenean. Ezkerrerantz eman beharreko bihurgune batean ezin izan zuen bizikleta kontrolatu, eta 60 bat metroko amildegi batetik behera erori zen. Erorikoan kolpe gogor bat hartu zuen buruan, saihets dezente hautsi zituen, horiek biriketan iltzatu zitzaizkion, eta horrek neumotorax bat eragin dio. Horregatik dauka bere kabuz arnasa hartzeko zailtasuna. Era berean, haustura txiki batzuk dauzka ornoetan, baina hori «gutxienekoa» dela esan dute medikuek.
Txirrindularia zegoen tokira iristeko arazoak eduki zituzten, eta, horregatik, Italiako goi mendietako zerbitzuen laguntza behar izan zuten lasterketako antolakuntzako kideek. Soka batekin beherantz egin, eta hasieran ez zuten aurkitu. Hortaz, berriro gorantz egitekotan izan ziren larrialdi zerbitzuetako kideak, baina 20 metro gehiago jaitsi, eta han zegoen ermuarra.
'Me chiamo Pedro'
Kordean zegoen, baina nahastuta eta orientazioa galduta. «Miraria izan zen hura. Kaskoa kentzeko esan zigun, ez ziola arnasa ondo hartzen uzten», adierazi zuen erreskate lanetan aritu zenetako batek. Zein izen zuen galdetu zioten, eta Horrillok italieraz erantzun zien: «Me chiamo Pedro». Helikopteroa iritsi zen, intubatu, eta ospitalera eraman zuten. Han, iritsi eta berehala, buruan zein bularraldean traumatismoa zuela konturatu ziren, eta eskaner bat egin zioten. Garunean minik ez duela argi zuen froga horrek.
Herenegun TAC bat egin zioten entzefaloan, eta erresonantzia magnetikoa, berriz, bizkarrezurrean. Inguru horretan ez dauka lesiorik. 10 edo 15 egun barru ekarriko dute Horrillo Euskal herrira; izterrezurra ziurtatu eta birikak konpontzen dizkiotenean. Gainera, bi hilabete barru beste ebakuntza bat egingo diote izterrezurrean, iltze bat sartu ahal izateko. «Pedro ez da berriro profesionaletan lehiatuko, baina bizikletan ibiliko da», esan du Rabobankeko mediku Geert Leindersek.
TXIRRINDULARITZA. Pedro Horrillori bi ebakuntza egin dizkiote, eta egonkor jarraitzen du
Ermuarra aztertzen ari dira, arnasketa artifiziala jarri diote, baina medikuak «baikorrak» dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu