«Mila muinoen herrialdea» deritzo Ruandari. Bertako orografia hain da menditsua, ezen aurtengo Munduko Txapelketa inoiz egin den gogorrenetako bat izango baita. Afrikan antolatu den aurrenekoa da, eta joan zen igandeaz geroztik da abian. Proba nagusiak, elite mailako errepideko lasterketak alegia, gaur-biharretan jokatuko dira, eta txirrindulariek erronka handia izango dute. Mendiz mendi, akituta geratuko dira asko.
Hala gertatu zitzaion, adibidez, Gabongo selekzioari 2011ko Ruandako Itzulian. Ibilbidearen gogortasunari aurre egin ezinik, lasterketa utzi beharrean izan zen. Hala azaltzen du Tim Lewis idazleak Land of Second Chances liburuan. Ez da hori, dena den, liburuaren mamia, Ruandako txirrindularitza taldearen hazkundea baizik, eta horrek herrialdearen aldartean izandako eragina. Kirol hori elementu integratzaile gisa erabili zuten ruandarrek, 1994an herrialdean izan zen genozidioaren ondoren; gobernuak eta herritar hutuek milioi bat tutsi hil zituzten hiru hilabeteko epean, apiriletik uztailera bitarte. Zauriak luzaro jarraitu zuen zabalik, eta Team Rwanda taldeak sendabide bat topatu zuen: txirrindularitza. Ziklistei aukera eman zien pedalei eraginez basakeriaren arrastoak atzean uzteko. Eta herrialdearentzat ere harrotasun eta esperantza iturri bilakatu zen.
Adrien Niyonshutik zazpi urte besterik ez zuen izugarrikeria gertatu zenean. Senide gehienak galdu zituen. Niyonshuti bizirik atera zen, amarekin eta bi anaiarekin batera. Bada, txirrindularitzak hutsetik hasteko aukera eman zion, Team Rwandaren barruan, eta, gerora, ikur bilakatu zen herrialdean: bi aldiz hartu zuen parte Olinpiar Jokoetan —2012an eta 2016an—, eta bederatzi urte igaro zituen Hego Afrikako Qhubeka taldearen egituran —azkeneko biak, World Tour mailan—. Niyonshutiren arabera, txirrindularitzak tokia egin du Ruandan. Hala esan zuen behin Volata aldizkarian: «Jendeak interesa du ziklismoan, eta herrialdeko kirolik onenetako bat da gaur egun. Ikusgarria da emaitzek nola egin duten hobera. Eta horrek aldaketa asko ekarri ditu. Emakumeak ere lehiatzen dira orain, eta pozgarria da».
Haatik, salbuespena da Niyonshuti: ez dago azken urteetan elitera iritsi den beste txirrindulari ruandarrik. Etiopiarrek maizago egin dute jauzi Europara, eta zer esanik ez eritrearrek eta hegoafrikarrek. Niyonshutiren esanetan, Eritrea herrialde «garatuagoa» da Ruanda baino, eta Italiarekin izandako lotura kolonialak ere zerikusia izan dezake. «Italiak tradizio handia du ziklismoan, eta, hori horrela, errazagoa da eritrearrek txirrindulari garrantzitsuak edukitzea». Gaur egun, Biniam Girmay da Eritreako ikur nagusia. Hego Afrikan, berriz, aski ezagunak izan ziren Robert Hunter eta Daryl Impey, eta ekinean jarraitzen du Ashleigh Moolman-Pasiok. Azkenaldian Maurizioko Errepublika ere ziklismoaren mapan agertu da, Kim Le Court-Pienaarren eskutik. Ruandak, ordea, ez du maila horretako txirrindularirik, behinola Belgikaren menpe egon zen arren.
Hori bai, urtero Ruandan antolatzen da Afrikako egutegiko probarik garrantzitsuena: Ruandako itzulia. 2009an jokatu zen aurrenekoz UCIren zirkuituaren barruan, eta 2.1 mailako lasterketa da gaur egun; Afrikan ez dago halako besterik, iaz Gabongo Tropicale Amissa Bongo bertan behera gelditu zenetik. Bada, Ruandak beste urrats bat egin du orain, Munduko Txapelketaren egoitza bihurtuta. Paul Kagame presidentea apustu handia ari da egiten kirol ekitaldi entzutetsuak antolatzeko. Adibidez, 2021az geroztik, Kigali Ruandako hiriburuan jokatzen dira Afrikako NBAren kanporaketak. Eta aurrera begira, 1 Formulako sari nagusi bat hartzeko hautagaitza aurkeztu du Ruandak. Azken urteetan, halaber, tokia egin du futbolean, eta zehatzago esanda, Arsenal, PSG, Bayern Munich eta Atletico Madrilen elastikoetan.
Bertsio ofizialaren arabera, plan horrek inbertsioa sustatzea eta turismoa erakartzea ditu helburu. Aitzitik, giza eskubideen aldeko hainbat erakundek salatu dute gobernuaren gehiegikeriak zuritzeko ari direla baliatzen kirola. Amnesty Internationalek dio indarkeria darabilela Kagameren erregimenak; desagerpenak eta atxilotze eta epaiketa bidegabeak gertatzen direla han; eta adierazpen askatasuna mugatua dagoela. Ezinegona sortu du, halaber, Ruandak M23 milizia babestu izanak Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gatazkan. Hango mineralak eskuratzeko intentzioz talde armatu hori finantzatu izana leporatu diote Ruandari. Horren harira, Europako Parlamentuak Munduko Txapelketa bertan behera uzteko eskatu zuen aurtengo otsailean.
Bigarren koroaren bila
UCIk, ordea, ez du atzera egin, eta ruandarrek bizikletaz josita dauzkate hiriburuko kaleak. Oso zirkuitu menditsuak atondu dituzte Kigalin, inguruaren ezaugarriez baliatuta, eta elite mailako gizonezkoek 5.475 metroko desnibela gainditu beharko dute bihar, 268 kilometroko ibilbidean. Inoizko Munduko Txapelketarik aldapatsuenetako bat izango da. Horrek, berez, mesede egin beharko lioke Tadej Pogacarri (Eslovenia). Haatik, erlojuaren aurka kolpe handia eman zion Remco Evenepoelek (Belgika), eta ikusteko dago iazko txapelduna bere onera etortzeko gai den.
Ortzadar maillota bigarrenez irabazi nahi du Pogacarrek, emakumezkoetan Pauline Ferrand-Prevotek (Frantzia) bezalaxe. Aspaldi gailendu zen lehen aldiz, 2014an. Azken urteetan mendiko bizikletan buru-belarri aritu da, eta aurten, itzulera ikusgarria izan du errepidean: Paris-Roubaix eta Tourra irabazi ditu. Sasoiari ginga jarriko lioke gaur urrezko domina irabazita. Ez da lehiatuko Lotte Kopecky (Belgika), azken bi urteetako irabazlea. Emakumeen proba ere oso gogorra izango da: 164 kilometro izango ditu, eta 3.350 metroko desnibela. Bi euskal ziklista izango dira lehian: Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza.