Curlinga

Oihane eta Leire Otaegi: pistarik gabe ere, gorenean

Txuri-Berri curling taldeko jokalariak dira Oihane eta Leire Otaegi, eta ibilbide oparoa ari dira osatzen: bederatzigarrenez irabazi dute Espainiako Txapelketa. Kanpora joaten dira entrenatzera eta jokatzera, Euskal Herrian ez baitago pistarik.

Txuri-Berri taldea Espainiako Txapelketan lehiatzen; tartean, Otaegi ahizpak. MIGUEL RAMON HENARES
Txuri-Berri taldea, Espainiako Txapelketan lehiatzen; tartean, Otaegi ahizpak. MIGUEL RAMON HENARES
Jone Bastida Alzuru.
2026ko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Curling jokalariak dira Oihane Otaegi eta Leire Otaegi ahizpa bikiak (Donostia, 1977). Euskal Herrian ez da aski ezaguna neguko olinpiar kirol hori, eta urriak dira hartan aritzeko aukerak, baina, zailtasunak zailtasun, ibilbide oparoa ari dira osatzen. Txuri-Berri taldeko jokalariak dira, eta bederatzigarrenez irabazi dute Espainiako Txapelketa; aldi guztietan aritu dira biak. Gustura daude: «Garaipenak beti dira ongi etorriak». Gainera, gizonezkoetan ere urrezko domina kolkoratu du Donostiako taldeak; hamaikagarren aldiz irabazi dute haiek.

Gorenean lehiatzen dira Otaegi ahizpak, eta palmares betea dute. Besteak beste, 2018an eta 2023an zilarrezko domina eskuratu zuten munduko curling mistoaren txapelketan. Hori aski ez, eta Oihane aurtengo Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko lehian aritu da Mikel Unanue kidearekin batera, misto bikoitzeko modalitatean. Penaz dago ez zutelako lortu, baina harro egindako lanarekin: «Oraintxe, munduko sailkapenean hogeigarren gaude, eta bederatzirentzat bakarrik zegoen lekua. Bikote oso onak geratu ziren Olinpiar Jokoetan parte hartu gabe. Saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Hobetzeko tartea dugu».

Duela 21 urte hasi ziren curlingean Oihane eta Leire, elkarrekin, eta batera egin dute orain arteko bidea. «2005ean hasi, eta maiatz hartan Espainiako Txapelketan parte hartu genuen. Partida guztiak galdu genituen. Hala hasi ginen, hutsetik», azaldu du Oihanek. Eta ordutik, gozatzen ari dira: «Asko ari gara disfrutatzen. Gainera, adin guztietako jendeak jokatu dezake curlingean: belaunaldi desberdinetakoak aritu daitezke talde berean». 

Baina dena ez da dirudien bezain polita. Eta argi esan dute: pista bat behar dute. «Entrenatzeko lekurik ez badugu, oso zaila da harrobia izatea eta jendea prestatzea». Haiek Anoetako izotz pistan hasi ziren entrenatzen, asteburu eguerditan. Askotan, baina, bertan behera utzi behar izaten zituzten entrenamenduak, txapelketak edo hockey partidak zeudelako. Gainera, hango izotz pista ez da egokiena. Izan ere, curlingean aritzeko izotz oso laua behar da, eta irristailuek «izorratu» egiten dute. 

Beraz, hobetzen eta hazten segitzeko asmoz, kanpora joaten hasi ziren entrenatzera. Oihane: «Hegazkina hartzen genuen ostiral arratsaldean, eta larunbat osoan eta igande goizean entrenatzen ibiltzen ginen. Normalean Suitzara joaten ginen garai hartan, Bordeletik hegaldiak merke zeudelako. Behin han egonda, ahalik ordu gehien entrenatzen ginen. Bertakoak txundituta geratzen ziren. Nolatan etorri zarete Donostiatik hona entrenatzera? Asko lagundu ziguten. Jendeak uste zuen dirudunak ginela, baina ez, ahalik gutxien gastatzen saiatzen ginen. Aterpeetan lo egin, supermerkatuetan janaria erosi, piknikak egin... Batzuetan janaria hemendik eramaten genuen. Eta noizbehinka txapelketa batzuetan parte hartzen genuen».

Halaxe, apurka-apurka, nabarmen egin zuten gora. Orain ere, kanpoan entrenatzen dira, Euskal Herrian ez baitago curlingean aritzeko pistarik. Bidaiatu egin behar dute entrenatzeko eta txapelketak jokatzeko, beraz. Jakan (Espainia) atontzen duten izotz pista dute gertuena.

«Hegazkina hartzen genuen ostiral arratsaldean, eta larunbat osoan eta igande goizean entrenatzen ibiltzen ginen. Normalean Suitzara joaten ginen garai hartan»

OIHANE OTAEGI Curling jokalaria

Baina nola jokatzen da curlingean? Harria botatzen den lekutik 45 metrora tee izeneko diana bat dago, eta horren inguruan harria ahalik eta gertuen uztea da helburua. Talde bakoitzak zortzi tiraldi ditu end (tanto) bakoitzeko, eta dianatik gertuen uzten duenak lortzen du tantoa. Gainera, dianaren inguruan aurkariarena baino gertuago dagoen harri bakoitzeko puntua jasoko du. Hamar end-en ondoren, tanto gehien duenak irabazten du. Modalitate desberdinak daude: emakumezkoena, gizonezkoena, mistoa eta misto bikoitza —Olinpiar Jokoetan emakumezkoena, gizonezkoena eta misto bikoitza jokatzen dira—. Talde bakoitza bost jokalariz osatuta dago, eta lauk jokatzen dute. Misto bikoitzean, berriz, bi lagun aritzen dira.

Etorkizuna, zaila

Pasioak bultzatuta egin dute otaegitarrek bidea, onenen artean lehiatzeraino: «Gure helburua, hasieran, partida ziztrin bat irabaztea zen. Eta gero ja, txapelketa bat irabaztea. Konturatu orduko, mordoxka bat lortu ditugu. Ditugun baliabideekin, ez genuen uste hain gora iritsiko ginenik», aitortu du Leirek. Gakoa, hauxe: batetik, eskarmentua, eta, bestetik, taldekideek oso ondo ezagutzen dutela elkar.

«Gauza gehiago lortu nahi ditugu, baina pista eduki arte... zaila da helburu handiak jartzea»

LEIRE OTAEGI Curling jokalaria

Etorkizunera begira, baina, ez daude hain baikor: «Gauza gehiago lortu nahi ditugu, baina pista eduki arte... zaila da helburu handiak jartzea. Hasieran, denboraz gain, diru asko jartzen genuen. Orain laguntzak ditugu, baina denbora behar dugu», adierazi du Leirek. Eta Oihanek amaitu du: «Pista bat nahi eta behar dugu». Euskal Herrian, egun, bi talde daude: Txuri-Berri Donostian, eta Harrikada Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.