UAE nagusitu da Espainiako Vueltako taldekako erlojupekoan, bosgarren etapan; Visma izan da bigarren, zortzi segundora, eta, beraz, Jonas Vingegaard txirrindularia jarri da berriro lider. Hala ere, estu daude kontuak sailkapen nagusian. UAE taldekoak dira danimarkarraren atzetik dauden hiru ziklistak: Juan Ayuso, Joao Almeida eta Marc Soler. Zortzi segundora dute liderra.
Bestalde, Israelen aurkako protesta egin dute. Manifestari batzuk errepidera atera dira Palestinako banderak eskuan, eta Israel-Premier Tech taldeko txirrindulariak frenarazi dituzte —lasterketan segitu dute—. Hainbat dira Israelgo taldea Vueltan aritzearen kontra agertu direnak. Yala Nafarroak eta BDS mugimenduak, besteak beste, protestarako deia egin dute. Tropela irailaren 2an eta irailaren 3an igaroko da Euskal Herritik.
Lidlek amaitu du taldekako erlojupekoan hirugarren, bederatzi segundora. Ia ezustekoa eman du, baina, azkenerako, faborito nagusiek ez dute huts egin. Minutu luzez izan du denbora onena, eta hark jarri du erreferentzia. Lasterketari ekiten azkenetakoak ziren, ordea, UAE eta Visma —Groupama izan da azken taldea, Gaudu zelako liderra—.
Helmugarako 7,5 kilometro falta zirela, Lidl zen talde onena: UAEk bost segundo motelago egin du ordura artekoa, eta Vismak, hemezortzi makalago. Bukaeran, baina, estutu egin dute biek, eta Lidlen marka hautsi. Giulio Ciccone (Lidl) bosgarren da orain sailkapen nagusian.
Movistar euskal taldeak ere lan ona egin du. Seigarren amaitu du, hamazazpi segundora. Talde indartsuenak ziren aurretik amaitu duten guztiak: UAE, Visma, Lidl, Red Bull-Bora eta Ineos.
Hain justu, Ineos ez da nahi bezala aritu. Ondo hasi du erlojupekoa, baina ez dio eutsi hasieran ezarritako erritmoari. Luze egin zaio ibilbidea. Azkenerako, bosgarren izan da.
Red Bull-Borako Matteo Sobrero txirrindularia, berriz, erori egin da; kolpe handia hartu du italiarrak. Taldeak, hala ere, denbora ona egin du.
Mendiko aurreneko etapa
Bihar eta etzi mendiko etapak jokatuko dituzte. Hain zuzen, biharkoa izango da Vueltako mendiko aurreneko etapa: Olot (Katalunia) eta Pal (Andorra) artean 170,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek, eta 3.475 metroko desnibel positiboa gainditu. Lau mendate puntuagarri daude bidean: Santigosa (hirugarren mailakoa), Toses (lehen mailakoa), Comella (bigarren mailakoa) eta Pal (lehen mailakoa). Bukaera gogorra du etapak, Pal gainean bukatuko baita. Sailkapen nagusian estu-estu daude kontuak, eta etapa garrantzitsuak izan daitezke.
Peio Arreitunandia hil da
Peio Arreitunandia Mutrikuko (Gipuzkoa) txirrindulari profesional izandakoa hil da, 51 urterekin. Gaixorik zegoen. Arreitunandia bederatzi urtez aritu zen profesionaletan: bi urte egin zituen Euskaltel-Euskadin (1999-2000), bat Cantanheden (2001), bi Carvalhelhos-Boavistan (2002-2003), bat Baquen (2004), eta azken hirurak Barloworlden (2005-2007). Hiru garaipen lortu zituen: 2003an, etapa bat Portugalgo Itzulian, eta 2005ean, etapa bat Murtziako Itzulian eta beste bat Euskal Bizikletan.