Hamasei talde lehiatuko dira datorren astean. Batzuk, ordea, ez dira abendukoak izango. Txapeldunen Ligak ere uzten du arrastoa neguko azokako elurretan, nahiz eta lehenago talderen batekin jokatu duenak ezin duen orain beste talde batekin aritu. Horregatik, hainbat fitxaketak ezingo dute Txapeldunen Ligan jokatu.Ingalaterrako futbolak 1999an Manchesterrek irabazi zuen kopa berreskuratu nahi du, eta handira jo dute. Arsenalen, Chelsearen eta Manchesterren artean 55 milioi euro xahutu dituzte neguko azokan. Udan egindakoek izan dute ondorioa. Chelseak oraingoan fitxaketa bakarra egin du. Juan Sebastian Veron erdilariaren luzaroko lesioan pentsatuz, Scott Parker 23 urteko jokalaria fitxatu du. Charlton Athletic taldeari 14,6 milioi euro ordaindu dizkio. Arsenalek, kontrako bidea egin du. Udan zuhur aritu zen, baina urtarrilean klubaren inoizko fitxaketa garestiena egin du: 25,6 milioi euro ordaindu dizkio Sevillari.
Golaren bila
Izan ere, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako taldeek aurrelariengan jarri dute arreta eta diru gehien. Sei partidakoa da orain talde horiek finalera iristeko duten bidea, datorren astetik hasita. Orain arte ez bezala, final-zortzirenetatik aurrera kanporaketak bi partidetan erabakiko dira, eta, defentsa sendoa egiteaz gain, eraginkortasunak ere zeresan handia izango du. Ez dago barkatzerik.
Manchester United, bestalde, ez da Ingalaterrako beste bi taldeen atzean geratu. Ruud van Nistelrooij aurrelariari kontratua 2008ra arte luzatzeaz gain, bikotekide berri bat aurkitu diote puntan aritzeko: Louis Saha frantziarra. Ingalaterrako Ligan golak azkar iritsi zaizkio, eta Europan Portoren aurka sartzea falta du. Fullhametik fitxatu du Manchesterrek, 14,6 milioiren truke. Gainera, Manchesterrek beste urte batez luzatu dio kontratua Alex Ferguson entrenatzaileari.Pragako Spartak egin du fitxaketa gehien. Sei egin ditu guztira, eta horien artean esperientzia handiko aurrelari bat: Jiri Stagner. Golaren bila, Milanek Nicola Pozzi 17 urteko gaztea fitxatu du, nahiz eta taldean beste hiru aurrelari eduki: Adrei Shevtxenko, Filippo Inzaghi eta Jon Dahl Tomasson. Rivaldoren fitxa hartuko du Pozzik. Mauricio Pinilla txiletarraren fitxaketak (Celta) eta James Obiorah nigeriarrarenak (Lokomotiv) osatu dute Txapeldunen Ligako taldeen golaren bidea.
Real Madril, galdu gabe
Final-zortzirenetan dauden Frantziako bi klubek ez dute fitxaketarik egin, eta Lyongo Olympiquek bezala, Reala haren aurkariak ere ez. Bayern Munichekin batera lau horiek dira neguan dirurik gastatu ez duten bakarrak. Real Madrilek nahiago izaten du udan fitxatu. Gazte bati egin dio fitxa, baina ez du inolako beharrik ere. Lehen fasean partidarik galdu ez duen talde bakarra izan da.
-
Fitxaketak
Sparta Praga: Miroslav Baranek, Jiri Stajner, Tomas Grigar, Tomas Sivok, Z. Volek eta L. Volesak.
Manchester United:
Louis Saha, Colin Heath eta David Cox.
Arsenal:
Jose Antonio Reyes, Quincy Owusu-Abeyle eta Francesco Fabregas.
Juventus:
Andrea Luci, Abdoulay Konko eta Raffaele Palladino.
Stuttgart:
Boris Zivkovic, Dmitrius Guscinas eta Mario Gomez.
Lokomotiv Mosku: D. Cesnauskis, D. Bilialetdinov eta J. Obiorah.
Porto:
Carlos Alberto eta Andre Vilas Boas.
Chelsea:
Scott Parker.
Milan:
Nicola Pozzi.
Real Madril:
Sebas.
Deportivo:
Ivan Perez.
Celta:
Mauricio Pinilla eta Sasa Ilic.
Fitxaketarik ez:
Reala, Olimpique Lyon, Monako eta Bayern Munich.