Saskibaloiaren historian hizki larriz idatzita geratuko da Uliana Semenova letoniarraren izena. Ez da gutxiagorako, inoizko jokalari onenetako bat izan baita. Atzo hil zen, 74 urte zituela. Saskibaloi zaleek ez dituzte berehalakoan ahaztuko haren lorpenak. 2,13 metro luze zen, eta uztai azpian geldiezina izan zen urte luzez. Bi hamarkadaz aritu zen gorenean, 70eko eta 80ko hamarkadetan.
Horren erakusle, saskibaloi jokalariak duen palmares bete-betea: 11 aldiz irabazi zuen Euroliga Letoniako Daugava Riga taldearekin, ligako titulu hamabost eskuratu zituen, eta Ronchetti Kopa bat poltsikoratu zuen.
Sobietar Batasuneko selekzioan aritzen zen orduan, eta hainbat aldiz izan zen txapeldun: Olinpiar Jokoetan urrezko bi domina lortu zituen —1976an eta 1980an—, hiru aldiz irabazi zuen Munduko Txapelketa—1971n, 1975ean eta 1983an—, eta hamar aldiz jarrian Europakoa, 1968tik 1985era.
Horrez gain, Basketball Hall of Fame zerrendan sartu zuten 1993an; estatubatuarra ez zen lehen saskibaloi jokalaria izan zen aitorpen hori jasotzen. FIBArenean ere sartu zuten, 2007an.
Nazioarteko Saskibaloi Federazioak haren kirol ibilbidea goraipatu du: «Haren falta sumatuko dugu, baina ez dugu inoiz ahaztuko, saskibaloian oso pertsona gutxik utzi duten arrastoa utzi baitu».
Oso gaztea zela hasi zen Semenova nabarmentzen. 14 urterekin egin zuen debuta Lehen Mailan, eta 16 urterekin Sobietar Batasuneko selekzioko lehen taldean. Ordutik aurrera, marka guztiak hautsi zituen.