«Orain dela urte batzuk telebistan ikusten nituen gimnasten aurka ari naiz lehiatzen orain». Unai Baigorri gimnasta artistikoa (Gasteiz, 2005) onenen artean finkatzeko urratsak egiten ari da azkenaldian. Berriki Munduko Kopan eta Europako Txapelketan parte hartu du, eta dominarik lortu ez arren, onenekin buruz buru lehiatzeko gai izan daitekeela erakutsi du. Ez da lantegi erraza, gimnastika artistikoa diziplina eta ahalegin handia eskatzen duen kirola baita. Gorenean aritzeko, bikaintasunetik gertu egon beharra dago. Hori lortzeko bidea bakarra da: etenik gabe entrenatzea. Halaxe ari da. Izan ere, egun batzuk Gasteizen egon eta gero, Madrilera itzuli da. Hantxe ari da prestatzen hurrengo txapelketetarako, goi errendimenduko zentroan.
Munduko Kopa maiatzaren 15etik 18ra bitartean jokatu zen, Kopergon (Eslovenia). Baigorri jauziko modalitatean lehiatu zen soilik, eta finalerako hirugarren postuan sailkatu zen. 13.733 puntu eskuratu zituen. Finalean, ordea, gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera, eta zortzigarren izan zen. Bertan, 13.049 puntu lortu zituen. Europako Txapelketa, berriz, Alemanian jokatu zen, Leipzig hirian, maiatzaren 27tik 31ra. Hiru modalitatetan lehiatu zen: lurrean, jauzian eta zaldi arkudunean. Finalik jokatu ez bazuen ere, puntuazio txukunak lortu zituen. «Bi txapelketek esperientzia hartzen jarraitzeko balio izan didate».
Baigorrirentzat biribila izan zen aurreko urtea. Lehen aldiz lehiatu zen Senior kategorian, eta brontzezko domina lortu zuen lurreko modalitatean: «Ariketa txukuna egin nuen txapelketan, eta atzean dagoen lan guztia ikusi zen», azpimarratu du. Brontzezko domina lortzeko gakoa «aurreko hilabete eta urteetan eginiko lan guztia» izan zela nabarmendu du. Itxaropentsu joan zen txapelketa horretara, lan ona egin zezakeela sinetsita. Izan ere, hilabete lehenago lehiatu zen Europako Txapelketan, eta «oso ariketa onak» egin zituen.
Orain esperientzia handiagoa du, eta hori beti da lagungarria. Denboraldi honetako txapelketek, aldiz, bere buruarengan «konfiantza handiagoa» izateko balio izan diote. «Horixe ematen dizu hain onak diren kirolarien aurka lehiatzeak. Gainera, fisikoki ez nengoen bete-betean, eta neure buruari erakutsi diot horrela ere lehia dezakedala».
Aurtengo lehen txapelketak «ariketa berriak probatzeko» baliatu ditu. Hainbat txapelketa ditu aurretik gasteiztarrak: Unibertsitateen arteko Munduko Txapelketa, ekainaren 16tik 27ra; Espainiako Txapelketa, ekaina amaieran; FIG World Challenge Cup txapelketa, irailaren erdialdean; eta Munduko Txapelketa, urriaren erdialdean.
Argi du zein izan den denboraldi honetako unerik onena: «Europako Txapelketarako sailkatu nintzenekoa aukeratuko nuke. Izugarria izan zen». Hala ere, guztia ez da polita izan. Abenduan «eroriko txar bat» izan zuen, eta belaunean min hartu zuen. «Hilabete eta erdi egon nintzen jauzirik egin gabe. Osatu ostean izan nuen lehen txapelketa ezin izan nuen ondo prestatu, txapelketa hasi baino astebete lehenago hasi bainintzen berriz ere jauziak lantzen. Gogorra izan zen».
Eguneroko exijentzia
Azken urteetan gizonezkoen gimnastika artistikoak gorakada «handia» izan duela aipatu du: «Japonian, Txinan eta Estatu Batuetan lehia handia dago. Baina guk ere gure indarguneak ditugu, eta herrialde horietako gimnasten parean egotea da gure helburua». Baigorrik 2028ko Los Angelesko Olinpiar Jokoak ditu begiz jota. «Ziklo hasieran gaude, baina epe luzera helburu hori dut».
Gasteiztarra bada ere, goi errendimenduko zentrora joan zenetik Madrilen bizi da. Gogor entrenatzen da bertan. Hauxe Europarako Txapelketarako egindako prestakuntza: «Egunean bi aldiz aritu nintzen entrenatzen, eta astean sei egunetan. Txapelketa prestatzen aritu nintzen hiru hilabeteak nahiko luze joan ziren». Gaur egun, batez ere, «ariketa asko pilatzen» saiatzen ari da. Ariketa asko, «hainbat egoeratan». Horren arrazoia ondorengoa da: «Txapelketan ez dakizu nola egongo zaren, eta prest egon behar duzu».
«Gaztea zarenean, gustuko duzulako egin behar duzu gimnastika, ez helburu jakin bat lortzeko. Zeure burua estu hartzea ez da ona izaten» UNAI BAIGORRIGimnasta artistikoa
Egunerokoari eusteko ezinbestekoa egiten zaio etxekoen babesa. «Familiaren bultzada egunero sumatzen dut. Entrenatzen amaitu orduko deitzen diet gurasoei, entrenamendua ona zein txarra izan. Klubeko entrenatzaileak eta taldekideak ere une oro ari zaizkit animoak bidaltzen. Badakit familia eta taldekideak hortxe daudela, eta hori oso garrantzitsua da niretzat».
Kirola alde batera utzi eta libre duen denboraz gozatzeko ez du aukera askorik izaten: «Kimikako gradua ikasten ari naiz, eta entrenatzen ez dudanean, unibertsitatera joaten naiz edo praktikak izaten ditut. Asteburuetan, berriz, ikasteko aprobetxatu behar izaten dut, astean zehar denbora gutxi baitaukat». Entrenatu edo ikasi behar ez duenean, Gran Vian paseo bat eman ohi du: «Hori da hemengo deskonexioa», zehaztu du.
Baigorrik ondorengo gomendioa eman die gimnastikan hastera doazen gazteei: «Disfrutatzeko aholkatuko nieke, hori baita garrantzitsuena. Gaztea zarenean, gustuko duzulako egin behar duzu gimnastika, ez helburu jakin bat lortzeko. Zeure burua estu hartzea ez da ona izaten»