Unai Garcia «eskertuta» doa Osasunatik. Hala adierazi du agur prentsaurrekoan. 25 denboraldi egin ditu klubean, eta 214 partida jokatu lehen taldean —larunbatean jokatuz gero, 215 izango dira—. Sasoi amaieran utziko du talde gorritxoa. «Banoa, eta gauzak ondo eginda, nik uste. Urte zoragarriak igaro ditut, lagun handiak egin ditut, eta familiak ere asko gozatu du».
Osasunak iragan ostiralean jakinarazi zuen jokalariak ez zuela taldean jarraituko. Egun hauek «hunkigarriak» izan direla onartu du. Denboran atzera egin du. «Egun hauetan goitik behera aztertu dut egindako bidea. Taxoarek familia baten tankera du. Hori ezin dugu galdu. Argi izan behar dugu nortzuk garen. Egunerokoan horren hutsunea izango dut. Plazera izan da bide hau egitea. Behar dutenean hemen izango naute».
Jokalarien multzoa «sanoa» izan dela nabarmendu du, eta «batuta» egon direla. Oier Sanjurjo, Roberto Torres eta David Garcia joan zirenean, kapitain izatea egokitu zitzaion. «Multzo honetan oso lan erraza izan da. Urte oso onak datoz, eta asko balio duen jendea dago, bai zelaian bai hortik kanpo». Kike Barja, Sergio Herrera, Ruben Garcia eta Jon Moncayola izango dira orain kapitainak.
Osasunan bizi izan dituen garairik onena eta txarrena ere aukeratu ditu: «2016an igo ginenekoa izan da onena. Klubak oso jokalari gazteen alde egin zuen. Igo ostean Iruñean egon zen giroa sanferminetan egon ohi denaren antzekoa izan zen». Hurrengo denboraldian, ordea, berriro ere bigarren mailara jaitsi ziren: «Gogoan izango duzue zer gertatu zen».
Ez du argitu etorkizunean zer egingo duen: «Datorren denboraldian ez dakit non egongo naizen. Oraindik lehiatzeko prest nagoela erakutsi nahi diot neure buruari. Jarraitzeko gogoz eta ilusioz beteta nago. Ea zer esaten didan datozen egunetan nire ordezkariak».