Unicajak eta Baskoniak jokatutako bi partidak irabazi dituzte, baina Unicaja da gaurko faboritoa. Irabazi dituen bi partidak ikusgarriak izan direlako. Lehen partidan Real Madril ahalguztidunari muturrekoa eman zion: 82-65. Joan zen ostegunean, berriz, 60-91 menderatu zuen Cajasol. Baskoniak, berriz, gorriak ikusi zituen Menorca menderatzeko, eta ostegunean, Manresari aise irabazita ere, kezkatzeko moduko hainbat kontu sumatu ziren taldean.
Partida bukaerako tentsio falta, esaterako. Gaur errepikatzen bada, akabo, jipoitu egingo du Unicajak. Splitterrek ez du jokatuko, eta Sergi Vidalek zaintiratua dauka eskuin sorbaldan, eta bere parte-hartzea ez da ziurra. Badirudi, Prigionirena, baietz, eta eskerrak Taurentzat, argentinarra gabe taldeak indar asko galtzen duelako. Partida ikusgarria espero da. Goi mailan urteak daramatzaten taldeak dira biak, eta Malagan halako amorrua diote Baskoniari, arabarrek azken urtetan andaluziarren aurka emandako erakustaldiengatik.
Aito Garcia Renesesek dauka aginte makila sasoi honetan Malagan, eta taldearen izaera goitik behera aldatu du. Taldeak, itxuraz, ez du izen handi-handirik, baina bai jokalari on asko: Cabezas, Gomis, Welsch, Jimenez, Haislip, N'Dong... Unicajak Cook, Gomis eta Kelati fitxatu ditu kanpoko lerrorako, eta Archibald, saskiperako. Tauren benetako aurpegia zein den jakiteko aurkari aproposa da Unicaja.
UNICAJA-TAU BASKONIA
Txapelketa. ACB ligako hirugarren jardunaldia.
Unicaja. Cook, Cabezas, Gomis, Kelati, Welsch, Jimenez, Gabriel, Haislip, Archibald,N'Dong eta Faverani.
Tau Baskonia. Prigioni, Shakur, Nocedal, Rakocevic, Vidal, Mickeal, San Emeterio, Eslava, Teletovic, McDonald eta Barac.
Sailkapena. Unicaja: lehena(2-0); Tau Baskonia: 5. (2-0).
Lekua. Martin Carpena pabiloia (10.062 ikusle).
Ordua. 19:00etan.
Unicajak Baskoniaren benetako aurpegia erakutsiko du
Andaluziako taldea ACBko liderra da, eta hankapean ibili ditu lehen bi aurkariak: Real Madril eta Cajasol
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu