Zerbaitegatik irabazi zuen iazko San Miguelliga, eta zerbaitegatik da aurten liderra, jokatu diren zazpi estropadetatik lau irabazita. Urdaibaik, Patxi Bilbao entrenatzaileak, sekulako koadrila bildu zuen pasa den denboraldian, eta honetan ere horri eutsi dionez, estropada guztiak edo ia guztiak irabazteko gai da. Beti da faborito; eta, noski, zer esanik ez Bizkaiko Traineru Txapelketan. Une honetan ez dago Bizkaian, Bou Bizkaia-ri apur bat ere hurbilduko zaion ontzirik. Argi asko ikusi ahal izan zen hori, atzo Lekeition. Izan ere, Urdaibaik zazpigarren aldiz irabazi zuen Bizkaiko Traineru Txapelketa. Nabarmen. Kaiku izan zen bigarren 19 segundora, etxeko trainerua, Isuntza, hirugarren, eta Arkote, San Miguel ligako beste ontzia, aldiz, laugarren. Hartara, lau ontzi horiek jokatuko dute Euskadiko Traineru Txapelketa Lekeition bertan hurrengo ostegunean, Gipuzkoako lau ordezkariekin batera. Dena den, Urdaibaik estropada bat jokatu zuen atzo, ete beste guztiek, edo ia beste guztiek, beste bat.
Egia esan, pronostikoak bete besterik ez zuen egin atzo Urdaibaik. Hori, eta estropada serioa jokatu. Izan ziren atzo Lekeition, Urdaibai entrenatzen ari zela esan zutenak. Ez zen hainbesterainokoa izan, baina estutu, ez zuten gehiegi estutu. Eta arraunlariek bazekiten ez zituztela estutuko. Ondoko arraunlariek arraun egin zuten atzo: estriborretik Beitiak, Carrionek, Arrizabalagak, Duñabeitiak, Zabalak eta Gorka Olazarrek. Ababorretik aritu ziren Gallo, Polo, Astelarra, Banica, Gaizka Olazar eta Millares. Zurinaga izan zen patroia eta Zulaika aurrekoa.
Bai, Kaiku KAE (Kantauriko Arraun Elkartea) ligako lehenmultzoko liderra da, eta jokatutako sei estropadetatik bost irabazi ditu. Halere, Jose Luis Kortaren taldeari asko-asko falta zaio Urdaibairen mailara heltzeko. Nahikoa egin zuten bigarren izanda; nahikoa, hirugarren ziabogan dezente hurbilduta.
Baina estropada, txapelketa, askoz ere lehenago erabaki zen. Estropada eremua ez zegoen plater baten moduan, eta haize ahulak olatxutxo batzuk sortu zituen. Hartara, brankaz egin beharreko luzeetan dezente sufritu zuten ontziek. Lehen ziabogan Urdaibai nagusi, baina Kaiku oso hurbil: segundo eskas batera.
Bigarren luzean, baina, hegan egin zuen Urdaibaik. Olatuaren gainean jarri, eta poparean gustura. Jada 11 segundokoa zen Kaikurekiko aldea. Halere, Bizkaitara ontzikoek ez zuten etsi, eta kanporantz egin beharreko bigarren luzean zortzi segundo kendu zizkioten garaileari. Azken luzean, baina, motorra jarri zioten Bou Bizkaia traineruari. Egin kontu: tarte horretan 17-18 segundo kendu zizkien txandakideei. Aldea handia da, izugarria. Hain zuzen, ez zen ikusi Isuntzaren eta Arkoteren arteko aldea hainbesterainokoa denik. Ustez txikia denak ustezko handiari irabazi zion atzo, zaleen babesean. Lekittarra, harrobiaren paradigma, etxean lehiatuko da, berriro, hurrengo ostegunean.
Busturialdea ez da aritu
Bigarren txandan Ondarroa izan zen jaun eta jabe. Lau ontzi ziren aritzekoak txanda horretan, baina azkenean hiruk egin zuten arraunean. Izan ere, Busturialdeak ez lehiatzea erabaki zuen azken unean. Antiguako Ama, hortaz, nagusi txandan, Urdaibairengandik minutu batera. Lehen txandan, aldiz, Portugalete izan zen azkarrena, atzetik aurrerako estropada osatuta.
Urdaibai, eta gero beste guztiak
'Bou Bizkaia'-k irabazi du Bizkaiko Traineru Txapelketa, eta Kaiku, Isuntza eta Arkote ere ariko dira Euskadikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu