Lanetik irten berri da Rakel Mateo (Mungia, Bizkaia, 1975). Bazkaldu, eta azkar joango da herriko rokodromora. Ez du denbora galdu nahi. Erronka handia du esku artean: Paralinpiar Jokoetan hirutan triatloian lehiatu eta gero, 2028an, Los Angelesen (AEB), eskaladan lehiatu nahi du. «Bete-betean ariko naiz hori lortzeko».
Inoiz ez dut damutu nahi izan saiatu ez izanaz. Horixe da zure leloa. Horregatik utzi duzu triatloia eskaladan aritzeko?
Bai. Hala ere, ia halabeharrez gertatu da dena. Batetik, banekien berandu baino lehen triatloia utzi beharko nuela. Eta, bestetik, argi nuen hori egin eta gero zein hiru kirol probatu nahi nituen: surfa, arrauna eta eskalada. Surfa probatu nuen lehenbizi, Mundakan, eta, eskalada gero, Derioko rokodromoan. Eskaladak erakarri ninduen gehien, eta irailean hasi nintzen horretan. Gaur arte. Oso gustura nabil: eskalatzeak egunerokoaz ahazteko balio dit; horman zintzilik nagoenean, guztiaz ahazten naiz.
Noiz erabaki zenuen saiatuko zinela Parisko Paralinpiar Jokoetarako sailkatzen?
Pausoz pauso joan naiz. Lehenik, paralinpiar kirolaria naizenez, banekien eskalada lehen aldiz izango zela kirol olinpikoa Los Angelesen. Gero, kuriositatez zein kategoriatan lehiatuko ziren ikusten hasi nintzen. Egun batean, zera esan nion rokodromoko lagun bati: «Los Angelesen lehiatuko naiz, eta mezu bat bidaliko dizut handik». Eta hark zera erantzun zidan: «Ez duzu hori egin beharko, zu ikustera joango bainaiz hara». Txantxa moduan hasi zena benetako helburu bilakatu da. Ez da beti zerbait jakina gertatu behar erabaki bat hartzeko; batzuetan, bizitzak nahi gabe eramaten zaitu bide batetik. Kasu honetan, ni ez banintz nire lagun Maiterekin rokodromora joan, eta kirol hori ez bazitzaidan gustatu, triatloia utzi eta erretiroa hartua izango nuen.
Zer esan zizuten ingurukoek zure asmoen berri eman zenienean?
Denetik. Batzuek uste zuten triatloia utziko nuenez erretiroa hartuko nuela. Horiek ezustekoa hartu zuten jakin zutenean triatloia utzi bai, baina ez nuela erretiroa hartuko, eta eskaladan lehiatzen jarraituko nuela. Zera esan zidaten: «Eskalada? Orain, eskalada?». Ulertzekoa da nire erabakiak ezustean harrapatu izana, triatloiak eta eskaladak ez baitute inolako antzik. Baina neure buruari jarri diodan beste erronka bat da, eta nire bihotzak esaten dit saiatu egin behar dudala. Triatloia egiten nuenean bezainbesteko motibazioa dut. Ezer gutxi dakit eskaladaz, baina ezer gutxi nekien txirrindularitzaz ere, eta triatloiaz. Inor ez da dena jakinda jaiotzen. Laguntza beharko dut, baina bete-betean saiatuko naiz.
Bi urte barru jokatuko dituzte Los Angelesko Paralinpiar Jokoak. Itxaropentsu zaude?
Urik gabeko igerileku batera salto egin dut agian, baina saiatu nahi dut; ezezkoa jada badut. Erronka handiagoak lortu izan ditut: ezker hanka moztu eta sei hilabete eskasera zazpigarren izan nintzen Tokioko Paralinpiar Jokoetan; Pariskoetan, berriz, lesioa izan nuen besondoan lehiatu baino hiru hilabete eskas lehenago. Bi aldi horietan asmo berarekin esnatzen nintzen egunero: helmuga igaro nahi nuen. Erotuta nengoela esaten zidaten. Baina helmuga horiek igaro nituen. Ez dakit Los Angelesen ariko naizen edo ez, baina barruan dudan guztia emango dut hori lortzeko. Nahiago dut saiatu, eta ez lortu, saiatu ez izanaren damua izan baino.
«Oso gustura nabil: horman zintzilik nagoenean guztiaz ahazten naiz»
Triatloian aritu izanak zertan egiten dizu mesede eskaladan?
Indarra eta erresistentzia dut, eta, batez ere, konstantzia: prest nago egunero-egunero entrenatzeko; inork ez du akuiluarekin ibili behar entrenatzera joan nadin. Ez zait gustatzen jendearen diruarekin jolastea. Los Angelesen aritzeko aukerarik ikusiko ez banu, ez nuen inor honetan nahastuko. Lortuko dut edo ez, baina bete-betean ariko naiz.
Aldiz, zertan duzu gehien hobetzeko?
Denean. Teknikari dagokionez, izugarri dut ikasteko. Hatzeko erresistentzia ere asko hobetu behar dut, lesiorik ez izateko.
Zer maila dago eskaladan aritzen diren paralinpiar kirolarien artean? Maila horretatik urrun zaude?
Nik agintzen didatena egingo dut, ez baitakit nola entrenatu nire kasa eskaladan. Badakit zein kategorian lehiatuko nintzatekeen, baina ez naiz oraindik inon lehiatu. Pausoz pauso joan behar dut: irailean lehiatuko naiz aurrenekoz, Espainiako Kopako hiru probatan. Ez da asko geratzen, baina zerbait ikasiko dut ordurako [barrez]. Ea pixkanaka-pixkanaka urratsak egiten ditudan eta nazioarteko probaren baterako sailkatzen naizen. Gauzek bere prozesua behar dute, eta nik buruz eta arduraz jokatu nahi dut. Nahiago dut erdizka geratu, behar baino gehiago egin eta larrutik ordaindu baino.
Amaitutzat eman duzu zure kirol ibilbidea triatloian. Zer sentipenekin utzi duzu?
Edozein kirolariren helburu nagusia da Olinpiar edo Paralinpiar Joko batzuetan parte hartzea. Domina bat irabaztea, berriz, sekulakoa da. Ni hirutan lehiatu naiz Paralinpiar Jokoetan, eta hiruretan egin dut ahal izan dudan guztia. Gauza batzuk ezin dira aldatu, eta nik ez dut aldatu ezin diren horietan denbora eta indarra galtzen. Lasai utzi dut. Ezin diot ezer leporatu neure buruari.
«Zirraragarria izan zen Tokion helmuga igarotzea, ezker hanka moztu eta sei hilabetera»
Baduzu une kutunen bat?
Paralinpiar Jokoetan aritzeko, bide luzea egin behar da aurretik, eta bide horretan une ederrak bizi izan ditut jende askorekin: taldekideekin, entrenatzaileekin, zaleekin, eskolako haurrekin... Hala ere, une bat aukeratu behar banu, Tokioko Olinpiar Jokoetan helmuga igaro nuenekoa aukeratuko nuke. Sei hilabete baino ez ziren igaro ezker hanka moztu zidatenetik. Hankaren zati handi bat kendu zidaten, eta ez nekien nola ariko nintzen triatloian. Sekulako erronka izan zen, berriro hasieratik hastea baitzen. Baina nik egin nahi nuen, eta egin nuen. Zirraragarria izan zen sei hilabetez jo eta ke lanean aritu eta gero helmuga igarotzea. Ez dut sekula ahaztuko.
51 urte egin berri dituzu. Noiz arte jarraituko duzu lehian?
Los Angelesen aritzen banaiz, 53 urte izango ditut. Batzuek nire adina gogorarazten didate, eta nik esaten diet hori dioela nire nortasun agiriak, baina nik ez diodala horri kasu egiten. Beste batzuek, ordea, animatu egiten naute, ondo ikusten bainaute. Asko eskertzen dut babes hori. Beti izan dut, eta asko eskertzen dut. Hori gabe ez nintzen honaino iritsiko.