Urratsak egiten jarraitu nahi du

Javad Nekunamek taldean jarraituko duen argitu gabe hasi du Osasunak denboraldi-aurrea

Osasunako jokalari, entrenatzaile eta ordezkariak, atzo, Taxoaren, denboraldi-aurreko lehen egunean. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Amaitu dira oporrak Osasunan. Iruñeko taldeak atzo arratsaldean hasi zuen denboraldi-aurrea. Jokalariak Taxoaren bildu ziren, sasoiko lehen argazkia ateratzeko. Haiekin batera izan ziren Jose Luis Mendilibar entrenatzailea eta Miguel Artxanko presidente berria. Atzokoa aurkezpen soila izan zen. Gaur, berriz, lanean hasiko dira.

Aldaketa dezente daude Osasunan. Batetik, aurreko sasoian taldean zeuden zortzi jokalari jada ez daude Iruñean: Ricardo Lopez, Sergio Fernandez, Roversio Rodrigues, Eneko Satrustegi, Jukka Raitala, Javier Callejon, Raul Garcia eta Dejan Lekic. Joan direnen hutsuneak betetzeko, berriz, bost jokalari iritsi dira Osasunara: Alejandro Arribas, Fernando Maceda Nano eta Oier Sanjurjo atzelariak, eta Sisinio Gonzalez eta Emiliano Armenteros erdilariak —ez zen izan Taxoaren, Argentinan baitago—. Bost jokalari horietatik lau fitxatu egin dituzte. Sanjurjok, berriz, utzita jokatu zuen aurreko denboraldian, Celtan. Lizarrako atzelariak oso lan ona egin zuen Galiziako taldean —mailaz igo da Celta—, eta Osasunak hura berriz ekartzeko aukera erabili du.

Iruñeko taldeak ez du erabat itxi taldearen osaketa. Javad Nekunamekin gertatzen denaren arabera, beste fitxaketaren bat ere egin dezake. Esteghlal Irango taldeak Nekunam fitxatu nahi du, eta jokalaria prest azaldu da Iruñea uzteko. Irandarra funtsezko jokalaria da, baina ezin da baztertu azkenean sorterrira itzultzea. Osasuna utziko balu, Iruñeko taldeak haren ordezko bat fitxatuko luke. Zuzendaritzak izango du azken hitza. Harekin edo hura gabe —atzo ez zen izan Taxoaren, klubaren baimena baitzuen—, gorritxoek helburu argia dute: mailari eustea, eta, azken urteetan egin bezala, urratsak egiten jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.